Fronte Polisarioarekin eginiko agerraldian, Marokori leporatu diote “gerra berri bat” hasi izana, eta sahararrak “bidezko defentsan” erantzun dutela ziurtatu dute. EAEko herri eta hirietan mobilizazioak antolatu dituzte larunbat eguerdirako.
ELA, LAB, Steilas, ESK, CCOO, UGT, CNT eta EHNE-Bizkaia sindikatuek adierazpen bateratu izenpetu dute asteazken goizean, Fronte Polisarioko ordezkariekin bildu ostean. LABeko eta CCOO Euskadiko Garbiñe Aranburuk eta Loli Garciak irakurri dute agiria. Sindikatuek Marokori egotzi diote gerra piztearen ardura, “Marokoko indar armatuek bi aldeek adostutako su-eten akordioa urratu” dutelakoan, sahararren protesten aurrean militarrak bidaltzean. Marokok Saharako herriari “gerra berri bat” inposatu diola ziurtatu dute, eta horren aurrean ez dituztela sahararrak “bakarrik utziko”. Larunbateko 12:00etan EAEko herri eta hirietan mobilizatzera deitu dituzte herritarrak.
Nazioartea eta Espainiako Estatua
Nazioarteko komunitatea kritikatu dute sindikatuek, azken 45 urteetan egoera konpontzeko ezer ez duelako egin: “Gertatutakoa nazioarteko komunitateak duen axolagabekeriaren erakusgarri baino ez da”.
Are kritikoagoak izan dira gatazka honetan Espainiako Estatuak izan duen jarrerarekin. “Deskolonizatzeke gelditzen den Afrikako azken lurraldearen” egoeraren gainean duen ardura historikoari heltzeko eskatu diote, autodeterminazio erreferenduma “berehala” egin dadin presionatuz.