argia.eus
INPRIMATU
Saharako Errepublikaren 46. urteurrenean NBEri eskatu diote agindutako erreferenduma egiteko
  • Sahararen aldeko Nafarroako mugimenduak otsailaren 27an elkarretaratzea egin du Iruñean, eta Espainiako Estatuari exijitu dio aitortzeko Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa (SEAD), hura aldarrikatu zutenetik 46 urte pasa diren egunean.

Leire Artola Arin 2022ko otsailaren 28a
Hamarnaka lagunek manifestazioa egin dute Sahara askea aldarrikatzeko. / Argazkia: Ahotsa.info.

Hamarnaka lagun elkartu dira Iruñeko kaleetan SEADen 46. urteurrenaren harira; Fronte Polisarioak 1976ko otsailaren 27an aldarrikatu zuen Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa. Bi eskakizun nagusi egin dituzte Sahararen aldeko Nafarroako mugimenduko kideek, igandean, Ahotsa.info atariak jaso duenez: Nazio Batuen Erakundeak agindutako autodeterminazioaren erreferenduma gauzatzeko, eta Espainiako Estatuak SEAD aitortzeko. Egun, nazioarteko 45 estatuk dute onartuta SEAD.

Halaber, salatu dute Marokok alde bakarretik hautsi zuela su-etena 2020ko azaroan, eta, "urtetako borroka baketsuaren ondoren", oraindik segitzen duen gerra abiatu zuela. Gatazka horri buruz gehiago jakiteko, irakurri Andoni Lubaki fotokazetariak 2020ko abenduan ARGIAn kaleratutako erreportajea: "Utzikeria eta traiziaren ondorio".

Ahotsa.info-k bideo honetan bildu ditu igandeko elkarretaratzearen irudiak eta amaierako irakurketa: