argia.eus
INPRIMATU
Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidentea atera da Espainiako Estatutik
  • Brahim Ghali SEADeko presidente eta Fronte Polisarioko burua apirilaren 18tik zegoen Logroñoko (Errioxa, Espainia) ospitale batean, artatua izateko. Astearte goizean aske utzi zuen Espainiako Auzitegi nazionalak, eta alta medikua jaso ostean asteazken goizeko ordu txikitan hartu du Aljeriarako hegazkina, Noaingo aireportuan.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 02a
Brahim Ghali. Argazkia: Europa Press

Apirilaren 18an ospitaleratu zuten Brahim Ghali Logroñoko ospitalean, eta geroztik Marokoren eta Espainiako Estatuaren arteko tentsioen iturri izan da egoera. Marokoren Espainiako enbaxadorea, Karima Benyaich, Rabatera itzuli zen, eta bertatik adierazi zuen Ghali errepresaliatu artean ez zela itzuliko. Madrilek Ghaliri herrialdean sartu zen moduan ateratzen uzten bazion bi herrialdeen arteko harremanak arriskuan zeudela egin zuen mehatxu Marokok.

Horrekin batera, Marokok Espainiako Estatuarekin Ceutan daukan muga laxatu zuen 24 orduz. Tarte horretan, 8.000 migrantek igaro zuten muga. Horietatik 4.000 unean bertan bota zituen atzera Espainiak. Gutxienez bi pertsona hil ziren muga igarotzen saiatzen ari zirela. Marokok berriz ere itxi zuen muga, baina Ghali auzipetzeko presioak mantendu zituen.

Astearte goizean deklaratu zuen SAEDeko presidenteak Espainiako Auzitegi Nazionaleko Santiago Pedraz epailearen aurrean, Logroñoko ospitale batetik bideokonferentziaz. Bi salaketari erantzun behar izan zien, eta bietan bere errugabetasuna defendatu du. Gainera, akusazio horien oinarrian arrazoi politikoak daudela salatu du eta Saharako herriaren sinesgarritasuna eta autodeterminaziorako borroka ahultzea dela horien helburua. Hala ere, akusazioek aurkeztutako frogak nahikoa ez direnez eta Ghali inputatuta ez dagoenez aske uztea erabaki zuen Pedrazek.

Iluntzean eman zioten alta medikoa SAEDeko presidenteari eta goizaldeko 01:00 aldera atera da Espainiako Estatutik, Noaingo aireportutik abiatu den Aljeriako hegazkin ofizial batean.