argia.eus
INPRIMATU
Sagrario Aranburu Olasagarre dantzari eta abeslaria zendu da
  • Apirilaren 8an zendu zen Sagrario Aranburu Olasagarre dantzaria, Iruñeko Duguna dantza taldeko kide aitzindarietakoa eta abeslaria, 90 urterekin. Hona hemen Duguna taldekoek Aranbururen omenez idatzitako bere bizitzaren errepasoa.

dantzan.eus Duguna Iruñeko dantzariak 2021eko apirilaren 12a

Triste doakigu 2021eko urte hau ere. Dantzatzeko hamaika arazo eta emateko ditugun berri apurrak, zoritxarrekoak.

Atzo [apirilaren 8an] utzi gintuen, 90 urterekin, Sagrario Aranburu Olasagarre-k, gure taldeko dantzari aitzindarietakoak. Eta barkatuko gaituzte besteek, baina lehen dantzari haietarik, gogoangarriena. Musika entzun orduko dantzan hasten zenetakoa zen Sagrario eta familian ere, odolean zeramaten zaletasuna. Izan ere, Oberena dantza taldeko dantzari eta zuzendari izandako Maxi Aranburu neba baitzuen Sagrariok. Sarasate pasealekuko udako txistu eta gaita dantzaldietan zaildu zen dantzari gisa.

Sagrario Aranburu 02
Iruñeko udal dantza taldeko lehen dantzariak, tartean, sagrario Aranburu. Argazkia:Garaikoetxea Aranburu familiaren bilduma

Dantzari izateaz gain, kantaria ere izandakoa da Sagrario eta ez nolanahikoa. Hain zuzen kantari izateagatik, izan zen dantzari, gure taldean behintzat. Iruñeko Karmeliten abesbatzan hasi zen kantuan eta handik, Iruñeko Orfeoira pasa zen —bertako kontralto solista izan zen eta orfeoiko ohorezko bazkide ere izendatua dute—. Duguna Iruñeko Orfeoiaren gerizpean sortu baitzuten, bertako zenbait kantari dantzatzera ere animatu ziren, horietako bat, Sagrario. Orfeoiaren egoitzako gelatxo batean hasi zituzten dantza errepikak.

Sagrario Aranburu 01
Sagrario Aranburu, Iruñeko Orfeoiko beste kide batzuekin batera. Argazkia: Iruñeko Orfeoia

Taldean ezagutu zuen gerora bere senar izanen zen Javier Garaikoetxea Urriza. Elkarrekin dantzatu zuten egindako bidai anitzetan -Palma, Bartzelona, Madril, Paue...- baita Duguna izeneko ikuskizun entzutetsu hartan ere. Esan bezala, dantzatzeaz gain, kantari solista lanak egin zituen Sagrariok Duguna-n.

Sagrario Aranburu 03
Sagrario Aranburu eta Javier Urriza, dantza arteko atsedenaldian. Argazkia: Garaikoetxea Aranburu familiaren bilduma

Dantzarako grina barru-barruan zeraman Sagrariok. Lehen haurdunaldiarekin utzi zuen taldea, haurra pixka koxkortzearekin berriz dantzatzen hasteko esperantzarekin. Baina berehala heldu ziren ondoko seme-alabak ere, eta ezin taldearen dinamika berriz hartu. Hala ere, beti egon izan da taldetik gertu, izan "Amaia da hasiera" 1988an Iruñeko udal dantza taldea babesteko egin zen ikuskizunean dantzan, Sanferminetako prozesioetan Pozoblanco kaleko bere xokotik kuku egiten edo Sansaturninoko urteroko bazkarietan.

Sagrario Aranburu 04
Sagrario Aranburu 1988. urtean egin zen 'Amaia da hasiera' ikuzkizunean dantzan. Argazkia: Garaikoetxea Aranburu familiaren bilduma

2014ko Sanblas egunean merezitako omenaldia egin nahi izan genien Sagrario Aranburu eta Javier Garaikoetxea gure taldearen bi sortzaile hauei, soka-dantzaren ondotik dantza bat eta esker-on opariak eskainiz. Izan zirelako gara. Gaur zirrara bereziarekin gogoratzen dugu egun hura.

Sagrario Aranburu 05
2014-02-03 Sagrario Aranburu eta Javier Garaikoetxea Iruñeko dantzariei omenaldia

2019an merezitako beste omenaldi bat ere jaso zuen Sagrariok. El Bronce peñak Sanfermin festetan aitzaindari izan diren emakumeei ematen dien "Festa" saria eman zion berari ere, besteak beste, festa berdinzaleak lortzeko bidean egindako ekarpen handiarengatik. Sari honi lotutako Pioneras IV izeneko dokumentaleko protagonistetako bat ere izan zen Sagrario.

Sagrario Aranburu 06
Festa sarien banaketa, 2019ko Sanferminetan. Argazkia: Idoia Zabaleta / Foku
Sagrario Aranburu 06
Sagrario Aranburu eta Tere Paños Iruñeko udal dantzariak, Pioneras IV dokumentalean

Esan dugunez, amatasunak eten zuen Sagrarioren dantzari jardun ofiziala, derragun, baina euskal dantza eta musikarekiko maitasuna proiektatu zuten berak eta Javierrek, haien seme alabengan. Dugunako dantzari eta txistulariok oso harreman goxoa dugu Mintxo, Jose Inazio eta Patxirekin, besteak beste. Haiei eta gainontzeko senide eta lagunei gure dolumin sentituena adierazi nahi diegu.

Ez adiorik, Sagrario!