argia.eus
INPRIMATU
Sagarrondoen salmenta kanpaina abiatu du Seaskak lizeo berrirako dirua biltzeko
  • Ikasle gehiago jaso ahal izateko kolegio berri bat eraiki nahi du Seaskak Bernat Etxepare Lizeoa dagoen lekuan. Horretarako “Hazten gaitu, hazten dugu” kanpaina jarri du abian. Kanpainaren helburua ekipamendu eta materialak lortu ahal izatea da, sagarrondoak salduz. Seaskak 300.000 euro beharko direla aurreikusten du horretarako.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko urriaren 12a
Lizeo berriak izango duen itxura. (Arg.: Bernat Etxepare Lizeoa)

Lizeo berria eraikitzeko hamar milioi euroko aurrekontua izango dute. Horietatik 7,2 milioi Akitaniako Kontseiluaren diru-laguntzei esker lortuko dituzte eta gainontzekoa egingo diren ekimenekin, Herri Urrats adibidez.

Euskararen sagartzearen bidez lortu nahi dute dirua. Erosleek aukera izango dute prezio ugaritan zuhaitz hauek erosteko, www.betxepare.eus webgunean edo lizeora txeke bat bidaliz. Erosleek sagarrondoak eraman edo “Euskararen sagardian” landatzeko aukera izango dute.

Sagarrondoak aukeratzearen arrazoia sinbolikoa dela azaldu dute, “gure kulturaren zuhaitzak” direla azpimarratuz, euskara, ikastola eta lizeoaren irudi.

Egun lizeoak 260 ikasle jasotzen ditu eta  400era zabaldu nahi dute eskaintza. Ikasleek historia eta matematikako ikasgaiak euskaraz jasotzeko aukera dute, baina aurrera begira, kurtsoak osoki euskaraz izatea da helburua.

Eskaintzen diren ikasketa orokorrez gain, ikasketa profesional eta teknologikoei euskarazko bide bat ireki nahi die kurtso berrien bidez. Helburua “herritar euskaldun prestatuak” edukitzea dela azaldu dute.

Lizeoak kanpaina abiatzeko eginiko bideoa da ondorengoa:

 

2016ko irailetik 2017ko ekainera ekitaldi andana antolatuko dituztela jakinarazi dute:

Urriaren 27an, Donazaharren: hitzaldia.
Abenduaren 17an, Baionan, Gaskoinen plazan: sagarrondoen banatzeko azoka.
Abenduaren 29an, Baionan: Bertso poteoa Baionako ostatuetan ikasle ohiek alaiturik. Ondotik, bertso afaria Sustrai Colina eta Aimar Karrikarekin.
Urtarrilean, Baionan: Txotx, Sagarno sasoina idekitzeko.
Otsailean: sagarrondoen landaketa.
Martxoan: ikasle ohien gaualdia.
Ekainean, Baionan: Sagarno Eguna.