argia.eus
INPRIMATU
Sagarrez eta garoaz
  • Gaur banda ultra azkarraz idatzi behar nuen. Kontatu behar nizuen nola Next Generation funtsen diruekin –hau da, ondorengoen diruarekin– paraje hauetara ere helduarazi duten Interneterako banda ultra azkarra. Nola agintariek pentsatu duten onena dela mendian galdutako etxebizitza eta ustiategietara ere banda ultra azkarra heltzea; horrela, besteak beste –eta haien hitzetan– bereizmen handiko telesailak ikusi ahalko ditugu. Pentsa, hori dena 100 mega/segundoko abiaduran, kalean bezala! Aurkitu dudan aurrekontua, hauxe: 2.356.000€.

Josebe Blanco Alvarez 2023ko urriaren 16a
Argazkia: Hans Hillewaert /CC-BY-NC-ND-2.0

Kontatu behar nizuen, aspaldi batean, azpikontrata bateko langileak etorri zirela eskaintzera, eta ezezkoa eman geniela. Halere, ustekabez, heldu da banda; nahiz eta hemen hiru etxetan baino ez garen pertsonak bizi; gainontzeko seiak hutsik dauden edota elkarte gastronomikoak diren. Antza, elkarteetako bazkideek behar dute, baita hutsik dauden baserriek ere. Idatzi behar nizuen horrek suposatzen dituen lur azpiko lanez, soldatez eta materialez; zer eta inork gutxik erabiltzeko.

Idatzi nahi nuen zaila dela onartzea diru publikoaren erabilera hori; eta kasu batzuetan beharrezkoa izango dela banda ultra azkarra, baina Interneterako konexioa izateko, badaudela sistemak, askoz merkeagoak eta eraginkorrak: adibidez, Güifinet fundazioaren lana hemen dugu, kooperatiba txikietan daudenen lanari esker.

Gustura esango nieke agintariei beharrezkoagoak diren inbertsioak egin ditzaketela. Garraioa, adibidez. Badakigula ez dela etxera autobusa etorriko, baina aldez aurretik eskatutako taxi baten zerbitzua? Behintzat ikastetxera jaisteko... Horrek, besteak beste, umeak ekarriko lituzkeela baserrietara bizitzera, gurasoak erotu gabe.

Baina nahiago idatzi sagarrez eta garoaz. Horien sasoi bete-betean baikaude.

Hasita gaude jada marmeladak eta sagar-dultzeak egiten, datozen bi urtetarako. Poza bada sagarrondoei begira egotea, are poz handiagoa sentitzen da apalak, egunez egun, beteta. Sagar usainak sukaldean asteak emango ditu, gozatuko gaitu. Hori bai, sagastira jaisten garen bakoitzean, sagarrondoei eskerrak eman behar. Nolabait aitortu behar zaie puntu honetara heltzeko egin duten lana, bereziki zaila azken bi urteotako baldintzetan.

Garoa ere, neguan zehar urrezko ohantzea izango dena, orain dugu jasotzeko sasoia. Mimo osoz egin beharra dago, bere puntuan, ez jaulkitzeko. Negura begira jartzen gaitu garoak: ardiek, haien etzanaldien ondoren, utziko dituzten habietan egin nahiko nuke amets.

Garoaz eta sagarrez baino ez nuke idatziko, haiek baitira egiazki bizitzara lotzen gaituztenak.