argia.eus
INPRIMATU
Lizagasar sagartokixa
Sagarrari bere zuku osoa ateratzeko proiektu gaztea Elgoibarren
  • Ane Munin Ansola eta Asier Lizarralde Arrillaga gazte elgoibartarrek betidanik izan dute harremana baserri munduarekin, eta lehen sektoreko proiekturen bat martxan jartzea burutan zuten aspalditik. “2019an Gaztenek programara aurkeztu genuen sagartokiaren egitasmoa, eta onartu zigutenean, 2020an, martxan jarri genuen”, gogoratu ditu hastapenak Muninek. Argi zuten biek sagarraren bueltako zerbait abiatu nahi zutela. “Bertako produktua da sagarra, eta lehenagotik, bakoitzak bere aldetik, sagardoa egiten genuen”, dio. Sagardotik harago doan proiektua da abiatu dutena, dena den: sagarrarekin esperimentatzeko proiektua da Lizagasar.

Garazi Zabaleta 2022ko urriaren 20a

Elgoibarko hiru hektarea eta erdiko lursailean bertako 15 barietateko 2.100 inguru sagarrondo ditu bikoteak landatuak. “Orokorrean, produktuekin eta lehengaiekin, bertakoa zaindu eta babestu behar dugula sinesten dugu, galtzeko arriskua baitago bestela”, azaldu du ekoizle gazteak. Egitasmoa lantzen hastean argi izan zuten bertatik bertarako ibilbidean mugitu nahi zutela.

Eredu ekologikorako konbertsio fasean daude Lizagasar proiektuko sagastiak. Zigilu ekologikoa lortzeko hiru urteko jarraipena egiten ari zaizkie, eta gauzak ongi bidean, datorren urtean jasoko dute. Zigilutik harago, dena den, nekazaritzaren ikuspegi holistikoarekin ari dira lanean bi gazteak. “Biodibertsitatearen zaintza ere kontuan hartzen dugu; adibidez, sagastian zehar txori kabiak jarri ditugu, horiek intsektuak jaten dituztelako”. Sagarrondoak mahastien ohiko forman jarri dituzte, lerroka, belarraren mozketa txandakatuz egiteko: lerro batekoa bai, bestekoa ez. “Zer lortzen dugun horrela? Bada, belarra luze dagoen tokietan amona mantangorriak egoten dira, eta horiek pulgoia jaten dute, beraz, ez dugu pulgoia tratatu beharrik…”.

Sagarraren forma eta testura berriak zukutzen

Sagarra oinarri duten sei produktu egiten dituzte momentuz Lizagasarreko biltegian: sagardoa, sagar zukua, ozpina, dultzea, marmelada, purea eta sagar zukuarekin egindako madalena eta bizkotxoak. “Gure filosofia da sagarretik ahalik eta produktu gehien ateratzea, eta esperimentazioaren bidez, gauza berritzaileak ere proposatzea”, dio. Madalenen kasuan, Mendaroko Galle-Tiak artisau gozogileekin eskuz esku aritu dira. Eskaintzan produktu horiek dituzte momentuz, baina gauza berriak probatu nahi dituzte; esaterako, Errioxako destilategi batekin sagar pattarra prestatzen ari dira.

Zuzeneko salmenta lehenesten dutela kontatu digute proiektuko kideek: inguruko azoketan, etxez etxeko banaketan eta sagastian bertan saltzen dituzte produktuak. Horrez gain, bisita gidatuak ere egiten dituzte taldeekin. “Hori ere bada gure helburua, lan nola egiten dugun erakustea eta azaltzea”, amaitu du.