Guardia Zibilak igandean Lizarraldeako Sorlada herrian atxilotu zuen Xabier Sagardoi, Segi erakundeko kide izateagatik sei urteko espetxe zigorra ezarri dioten gazte barañaindarra. Ezkutaturik eman ditu bi hilabete.
Sagardoiren eta oraindik ezkutaturik dagoen Luis Goñiren aldeko egitasmoetan parte hartu duten herritarrek atxiloketa salatu eta urriaren 5ean Iruñean egingo den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu dute.
Iruñerriko hainbat gizarte mugimenduk deitu dute manifestazioa. Goñi eta Sagardoi atxilotzeko aginduari "desobedientziaz" erantzun behar zaiola adierazi zuten pasa den astean Iruñean emandako prentsaurrekoan.
Barañaingo Sortuk elkartasuna adierazi dio Sagardoiri, eta Guardia Zibilak herria "setio egoeran" duela salatu du.
Gaur, Sagardoiren atxiloketa salatzeko elkarretaratzea egingo da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, 11:00etan.