argia.eus
INPRIMATU
Sagardo denboraldiaren irekiera
  • Hernaniarra naiz. Sagardozalea. Eskubaloira jokatu dudan hogei urteetan ezagutu ditudan emakume gehienek, nazioarte mailan jokatutako kirolari handiak barne, nik bezain beste gozatzen zuten sagardotegian garaipenak ospatzen genituenean, edo talde sentimendua kupel artean sustatzen genuenean. Eta oraindik ere elkarrekin sagardotegira joateko usadioa mantentzen dugu. Halaber, ezagutzen ditut sagardoa eta sagardotegia oso gustuko duten emakume arraunlariak, futbolariak, judokak, pilotariak, piraguistak, surflariak, eta abar luze bat.

Ainhoa Azurmendi Echegaray @AinhoaAtxur 2018ko urtarrilaren 22a
Alberto IƱurrategik ireki zuen Sagardoaren denboraldia Gurutzeta sagardotegian. (Arg.: Sagardoaren lurraldea)

Alabaina, deigarria iruditu zait aurtengo sagardo denboraldiaren irekiera ekitaldi ezberdinetan, eta bereziki hamaika kiroletako gizonek parte hartu dutenetan -nire errespetu eta miresmena luzatzen diet guztiei-, apenas emakumerik ikustea; ez kirolariak, ez gizarteko beste arloetan balentria handiak egin dituzten emakumeak. Zer dela eta? Ez al dago gure inguruan ohore hori merezi duen emakumerik? Nahita eginda ere, zaila egiten zait sinestea emakume kirolari bakar bat bera ere ez egotea, are eta zailago, azken hilabeteetan hainbatek lortu dituzten emaitzak gogora ekartzen baditut.

Deigarria iruditu zait aurtengo sagardo denboraldiaren irekiera ekitaldi ezberdinetan, eta bereziki hamaika kiroletako gizonek parte hartu dutenetan, apenas emakumerik ikustea.
Zer dela eta?

Begiak itxi eta kirolari hitza entzuten badugu ze irudi datorkigu burura? Kirol arloan emakume eta gizonen berdintasuna sustatzeko, komunikabideetan, kalean, ekitaldi berezietan, eskoletan, eta leku guztietan, emakume kirolariak ikustarazi behar direla esaten dugunean, besteak beste, kirolaren tradiziozko kooptazioa eta irudi maskulinoa apurtzeko beharraz ari gara; adin guztietako emakumeek, eta bereziki, neskatxa gazteek,  ereduak edukitzeko garrantziaz ari gara; emakume kirolarien egoera ekonomiko prekarioa leuntzen eta jardunaren kalitatea hobetzen lagundu dezakeen babesle potentzialen artean haiek ezagutzera emateaz ari gara; eta nola ez, emakumeok gizartean merezi dugun gizonen bezain besteko tartea eskaintzeaz ari gara.

Tamalez, aurtengo sagardo denboraldiko hasierak emakumeak esparru horretan ez-jakitunak, arrotzak,  edo asko jota, bigarren mailako gonbidatuak garen irudia proiektatu du. Hala ere, kontuan hartu behar da gertakari hau behin eta berriz gizarteko eremu guztietan gertatzen denaren adibide bat besterik ez dela.

Gizartearen arlo publikoko protagonisten irudikapen mentala aldatzeko lehen pausoa ekintza praktikoa da, hain zuzen, emakumeei beti ukatu izan zaigun espazio publikoan parte hartzeko eskubidea bermatzea. Eta uste dut badela eskubide honen zaindari lanetan emakumeok baino erantzukizun txit handiagoa duen pribilegiatu edo oharkaberik.

Ainhoa Azurmendi

Kirol aholkularia eta EHU-ko irakaslea