Aranzadik asteazkenean amaitu zituen 1936an Malerrekako leizera botatako familiaren gorpuzkin guztiak ateratzeko lanak. Orain, herritarren isiltasunarekin hautsi eta krimen haren zergatia argitu nahi dute.
Ikusmin handiz atera zituzten Legarrea leizetik duela 80 urte hara botatako Juana Jose Goñi eta bere sei seme-alaben azken hezurdurak. Aranzadiko Pako Etxeberria eta Lourdes Errasti haritu ziren zeregin hori koordinatzen, eta azaldu dutenez, orain gorpuzkinak laborategira eraman eta informe tekniko bat egingo dute “egia ofiziala” jakin dadin.
Bertan zen kasua ikertu duen Jose Mari Esparza historialaria eta Sagardia-Goñiren oinordekoak ere. Orain jakin nahi dute 1936ko gerraren testuingurua egindako krimen honen atzean zer arrazoi egon zitekeen eta Gazteluko herritarrak zergatik mantendu duten isiltasuna hainbeste denboran.
Behin prozesua amaituta, familiak Gazteluko udalak hilerrian utzitako toki batean lurperatuko ditu berriz hezurrak eta hileta zibila egingo diote.