argia.eus
INPRIMATU
Sagardia-Goñi familiaren arrasto “ia guztiak” topatu dituzte Legarreako leizean
  • 1936an hobi batera bota zituzten emakume baten eta haren sei seme-alaben gorpuzkiak aurkitu ditu Aranzadik azken egunetan, Gazteluko (Nafarroa) Legarrea leize zuloan.

Euskalerria irratia @fm983irratia 2016ko urriaren 10
Aranzadiko kide bat Legarreako leizera jaisten. (Arg.: Aranzadi)

Iragan ostiralean, bi aurkitu zituzten ikertzaileek eta, larunbatean, bost: hala, orotara, zazpi dira aurkitutako giza arrastoak. Gerra Zibilaren beste arrastoetako bat da hau. Zazpi lagunen gorpuzkiak aurkitu badituzte ere, bat bera ere ez dago osorik. Paco Etxeberria forentseak azaldu du Aranzadi 50 metroko sakoneran lanean ari dela.

Egunez egun ari dira leizeari buruzko informazioa osatzen: ostiralean atzeman zituzten bost umeen hezurdura zatiak; larunbatean, aldiz, amarenak eta zazpigarren umearenak; orain, litekeena da datozen egunotan hobitik ateratzea falta diren hezur zatiak.

Juana Josefa Goñi eta bere sei seme bota zituzten leize batera, lehenbizi haiek ezkutatuta zeuden etxolari su eman ondoren. Pedro Antonio Sagardia aita eta 18 urteko semea bakarrik libratu ziren heriotzaz. Aita Eugin ari zen lanean eta emaztearen oharra jaso zuen herritarrek Gaztelutik bota nahi zutela esanez; itzuli orduko, aldiz, Guardia Zibilak aita atxilotu eta, libre utzi zutenerako, familia desagertua zen.  

Jose Mari Esparzak editore tafallarrak ikertu izan du gaia eta La sima liburua idatzi ere bai; besteak beste, eta sorgin gaiei aipamena eginez, herrian hainbat etsai izan zezakeela ere iradokitzen du.

(Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentzia baliatuta ARGIAra ekarri dugu).