Gipuzkoako zaharren egoitzetako langileak berriz ere mobilizatzen ari dira eta herri ugaritako kaleak zeharkatu dituzte euren egoeraren berri emateko.
Mobilizazio aldi hau urriaren 18an amaituko dute Gipuzkoako Aldundiaren aurrean, erakunde horri egozten baitiote grebaren erantzukizuna. Langileek salatu dute patronalak ez duela borondaterik erakusten akordiora iritsi eta gatazkari amaiera emateko. Hala, Aldundiari exijitu diote bere egin dezala ELAk Adegi eta Matia 2000 patronalekin adostutakoa, eta bete ditzala bere garaian hartutako konpromisoak.
Mobilizazioak ez dira besterik gabe sortu. Langileek ehun greba egun egin dituzte hitzarmen duin baten alde. 5.000 langileri eragiten dio hitzarmenak eta eskatzen dutena da adinekoentzat kalitatezko arreta zerbitzu bat ekarriko duen eredua ezartzea Gipuzkoan. Langileen gehiengoa emakumezkoa izanik, %30eko soldata arrakala jasaten dute gizonezkoek lan egiten duten pribatizaturiko sektoreekin konparatuta, hau da, urtean 6.000 euro gutxiago.
Ez dute baztertu mobilizazioak gogortzea, baita greba mugagabeari ekitea ere, ekintza irmoagoekin. Ekintza horiek gertatzean, patronalen eta erakundeen haserrea etorriko da, grebalariak “erradikalak” eta “biolentoak” direla esanez, eta egotziko diete adineko jendea “abandonaturik” uztea, iritzi publikoan oso gai sentibera baita hori.
Normala eta justua ote da, ehun greba egunen ondoren –euren soldatak galdu eta lanpostua arriskuan jarriz– patronala eta Aldundia akordiora iritsi nahi ez izatea? Dirudienez, hauen arduradunek ez dituzte soldatak eta karguak arriskuan jarri nahi. Euren jokabide autoritarioak zerikusi gehiago dauka saboteatzaile eta probokatzaileekin. Beraiena izango da gatazka gogortzearen ardura.