argia.eus
INPRIMATU
Sabotaje ekintzak onartu dituzte bi ekintzailek Dakota Access oliobidearen aurka
  • Prentsaurreko bidez onartu dute bi ekintzailek AEBetako Iowa estatuan Dakota Access Pipeline oliobidea eraikitzeko makinen eta hodien aurkako hainbat sabotaje ekintza egin izana. Makinei su eman dietela eta hodiaren balbulak apurtu dituztela aldarrikatu dute, Democracy Now hedabidean irakur daitekeenez. Atxilotu egin dituzte.

Itsaso Zubiria Etxeberria 2017ko uztailaren 27a
Bi ekintzaileak prentsaurrekoan (arg.: Democracy Now).

Jessica Reznicek eta Ruby Montoya ekintzaile katolikoek adierazi dute “jende gehiago horrelako sabotajeak egitera animatzeko” hitz egin dutela publikoki. “Norbaitek pentsa dezake gure ekintzak bortizkeriaz egin direla, baina ez nahastu; bihotzetik ateratakoak dira ekintzok, bizitzarik eta ondasun pertsonalik arriskuan jarri gabe. Gure lur eta urak kutsatu dituen korporazio pribatu baten kontra egin dugu”, esan du Ruby Montoyak.

Iowako Zerbitzu Publikoetako Batzarraren aurrean eman dute prentsaurrekoa. Ingurumenaren aldeko taldeek estatu baimena atzera botatzeko eskatu dute, baina eskabideak ez du aurrera egin. Batzarraren eskumena delako eman dute atarian prentsaurrekoa. Adierazpenak amaituta, atzean duten karteleko letrak kentzen hasi dira eta atxilotu egin dituzte biak.

Bideoa:

Batez ere Ipar Dakotako Standing Rock siuxen erreserban izandako protestengatik egin da ezagun Dakota Access Pipeline odiaren aurkako borroka. 2016an proiektua geldiaraztea lortu bazuten ere, Donald Trumpek berriz ere martxan jarri du eraikuntza. Protesta jendetsuen gainetik pasaz dagoeneko martxan da iparretik hegoraino Iowa eta Illinois zeharkatuz Dakota gurutzatzen duen petrolio-hodia.