argia.eus
INPRIMATU
Sabelean 16 kilo plastiko dituen balea aurkitu dute Landetan
  • Larunbatean Messageseko hondartzan agertu zen balea eta nekropsia egindakoan 16 kilo plastiko aurkitu dituzte animaliaren barnean.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko maiatzaren 10
Sabeleko plastikoak hondartzan. Argazkia: Itsas Arima.

Sud Ouest egunkariak jaso du albistea. Harrituta utzi zituen Aurore Toulot eta Pascal Ducasse balearen nekroskopiak. Aurreko egunean Messangesko hondartzan, Landetan, aurkitu zuten itsas ugaztunaren gorpuan, Pelagis behatokiko bi langileek 16 kilo hondakin plastiko aurkitu zituzten.

Patata zorroa, Espainiako zorro markak eta beste gauza asko zeuden animaliaren sabelean. “Eme honek 5,15 metroko luzera zuen eta gaixotasun parasitarioa zuen. Plastikoa urazalean irentsi zuen, gaixo zegoenez ohiko janaria bilatzeko urpean igeri egiterik  ez baitzuen”, azaldu dute. Itsas ugaztun horrek zefalopodoak jaten ditu, hala nola txipiroiak. Elikagaien hondar batzuk ere aurkitu dira animaliaren urdailean eta plastikoak balearen heriotzean lagundu zuela uste dute behatokiko langileek.

“Sabelean hondakinak dituen lehen 'moko balea' da 2001etik”, dio Aurore Toulotek. Capbretongo Goufaren kanpoaldean ikus daitekeen espeziea da. Toulotek dioenez, populazioa izurde handia eta izurde arrunta baino askoz txikiagoa da eta kostaldetik hurbil egoten ohituta daude".