argia.eus
INPRIMATU
S.A. talde gasteiztarraren kontzertua, ultraeskuinak mehatxatuta
  •   Soziedad Alkoholika talde gasteiztarrak kontzertua eskaini behar du martxoaren 23an, ostiralean, Valladoliden.

Hala Bedi @halabedi 2018ko martxoaren 22a

Taldeak, ohikoa duen legez, ehunka lagun biltzekoa da Lava aretoan, baina baliteke ez ohiko bisita bat izatea. Ultraseskuinarekin erlazionatutako hainbat eragilek -Democracia Nacional, tartean- elkarretaratzea deitu dute aretoaren kanpoaldean.

Azken orduetan elkartasun mezuak iritsi zaizkio sarean S.A. taldeari, zentsura salatuz eta ultraeskuindarren mehatxuak gaitzetsiz. Jimmy Jazz aretoak, adibidez, elkartasuna adierazteaz gain, apirilaren 21ean Gasteizko aretoan egongo direla gogoratu du.

Ez da lehenengo aldia

2015ean, adibidez, Madrilgo Vistalegren eskaini behar zuten kontzertua bertan behera geratu zen, Madrilgo Udalak hau debekatu ostean. Zenbait abestiren hitzak jarri zituzten kontzertua debekatzeko aitzakia gisa. Eta, ezin ahaztu Su Ta Gar, Fermin Muguruza edota Berri Txarrak taldeek ere antzerako debekuak jasan dituztela.

 

Albiste hau Hala Bedi Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.