argia.eus
INPRIMATU
S2 - Sareak berreskuratu eta berrasmatu
Gorka Julio @teketen 2024ko azaroaren 15

Azaroaren 15ean Errenteria-Oreretan Euskal Herria Digitala osatzen dugun eragileek antolatutako hirugarren jardunaldiak egingo ditugu. Autodefentsa digital feminista lantzeko tailer bat eta digitalizazio demokratikoa oinarri izango duen hitzaldi bat izango dira bertan.

DonesTech-eko kideek “Autodefentsa digital feminista” tailer praktikoa eskainiko digute Torrekua eraikinean. Tailerrean arreta jarriko diogu mehatxu digitalen identifikazioari eta haien eraginei. Mehatxu horiek nola antzeman eta gure eguneroko errealitatean zer nolako ondorioak dituzten ulertzen saiatuko gara horretarako. Arrisku-egoerei aurre egiteko prebentzio- eta erantzun-estrategia nagusiak aztertuko ditugu.

Munduko administrazioen eraginkortasunik ezak, begirada estrategiko faltak, eta oligarkia digital eta erraldoi teknologikoen oligopolioak, ezagutzen genuen Interneta desagerrarazi
nahi dute, baina ez diegu utziko

Arratsaldean, Simona Levik “El reto de la digitalización democrática” [Digitalizazio demokratikoaren erronka] izenburupean hitzaldia emango du Joxepa Antonia Aranberri eraikinean. Teknologiak nola erabili herritarren parte-hartzea eta aldaketa soziala bultzatzeko aztertuko dugu. Levik demokrazia inklusiboago eta irisgarriagoaren alde egiten du, eta tresna digitalen beharra azpimarratzen du gardentasuna, kontu ematea eta herritarren ahalduntzea sustatzeko. Adibide eta hausnarketen bidez, hizlariak gaur egungo erronken inguruan pentsatzera gonbidatuko gaitu, beti ere demokrazia digitalaren alorrean.

S2 baino mugimendu deszentralizatu baterako deiadarra ere bada. Trumpak egiten jarrai genezake, baina sareak berreskuratu eta berrasmatzeko garaia iritsi zaigu. Bakoitzaren sareetan, erakundeetan, ekimenetan… erabili dezakegun sinboloa izan daiteke. Sareak berreskuratu eta hori egiten dugun bitartean berrasmatzeko hautua hartu nahi dutenen bandera.

Internet bidez sortutako oparotasuna, espoliatua izan da. Munduko administrazioen eraginkortasunik ezak, begirada estrategiko faltak, alde batetik, eta oligarkia digital eta erraldoi teknologikoen oligopolioak, bestetik, ezagutzen genuen Interneta desagerrarazi nahi dute, baina ez diegu utziko.

Kalean bezala, gure erakundeetan eta noski sarean ere borrokatuko dugu. Gure azpiegiturak garatzen jarraituko dugu, adimen artifizialeko lurraldeko eredu etiko eta askeak garatuko ditugu, online komunitate bizigarriak eratuko ditugu, software librea sortzen eta defendatzen jarraituko dugu, gure pribatutasunaren aldeko borrokan tinko eutsiko diogu, sarearen neutraltasunaren alde lerratuko gara, informazio sarbide librearen eta gardentasunaren alde egingo dugu.

Eta, une batez Internet edo haren zati handi bat azpiratuko balute eta eskasia artifiziala bertan inposatuko balute ere, erresistentzia antolatuko genuke. Berriro ere deszentralizazioa baliatuz, baina prozesu konplexuak sinkronizatuz, bakoitzak bere ahalmenaren arabera, bakoitzari bere beharren araberako Interneta berrasmatzea lortu arte.

Desiratzea ez da nahikoa, baina desiratzea ezinbestekoa da. Elkar zainduz eta gozatuz Internet berria irudikatu, egin eta egonkortzea lortu behar dugu, arduraz. Ez dago alternatibarik!

Gorka Julio Hurtado, Talaios kooperatibako kidea eta Euskal Herria Digitalako kidea