argia.eus
INPRIMATU
Ryanair-en egutegiak sexistak dira Malagako epaitegiak ebatzi duenez
  • Ryanair konpainiak 2007an aurkeztu zuen lehenengo egutegia. Eskifaiako emakume batzuk ageri ziren bainu-jantzian, jarrera limurtzailean. Salmenta bidez lortutako dirua ongintzazko elkarteei eman zieten. Duela hilabete gutxi, Malagako epaitegiak esan du iragarki sexista dela egutegia. Maria Jesus Ortizek egutegia eta epaia aztertu ditu Pikara Magazinen.

ARGIA @argia 2014ko maiatzaren 23a
Ryanair-ek egindako egutegia.

“Enpresako arduradunek honelako esaldiak erabili zituzten: ‘Ryanair-eko azafata ederrak kabina gori-gori jartzen ari dira 2008ko egutegirik beroenarekin’ eta ‘Bidaiariek Europako eskifaietako dozena bat lagun ikusgarrienak eraman ahalko dituzte etxera’. (…)

Galdera sortu zen orduan: Zein desberdintasun dago egutegi honen eta hori bezain sexy diren beste egutegien artean, zeinetan gizonak eta emakumeak agertzen diren? Jende gehienak ez zekien nola desberdindu egutegi hori eta suhiltzaileen egutegia adibidez. Egutegi horretan profesional gazte eta gihartsuak ageri dira, bularraldea erakusten eta jarrera limurtzailean. Beraz, orduko kritikak, beti bezala, bere onetik ateratako feminista egoskorren kontua ziren.

Erantzuna, egutegia zortzi urtez argitaratu eta gero, Malagako merkataritza arloko epaitegiak eman du. Haren ustez, Ryanairren promozio modua legez kontrakoa eta desleiala da. Aire konpainiari zigorra ezarri dio: ezingo du horrelako egutegi gehiago egin. (…)

Adecua kontsumitzaileen elkarteak, Malagako fiskaltzak eta Emakumearen Institutuak ondokoa adierazten zuten auzi eskarian: egutegiak eta egindako publizitateak emakumearen irudia sexualki erakartzeko baino ez zuela erabiltzen, ez zeukala inolako loturarik iragartzen zen gaiarekin. Diskriminatzailea zela zioen auzi eskaeran, eskifaia orokorrean aipatzen bazuen ere (gizonak ere baziren eskifaian), argazkietan emakumeak baino ez ziren ageri. Iragarkiak sexu gonbidapen modukoak ziren, bidaia txartelak erosteko, eta egutegia marketin kanpaina ezkutukoa, zeinak emakumearen gorputza bidegabeki erabiltzen zuen.

Ona da Publizitatearen Lege Orokorraren 3. artikuluaren babesean, behingoz, arlo judizialean, iragarkietako diskriminazioaz hitz egitea. Ona da, baita ere, helburu komertzialetarako emakumearen gorputzaz erabilera bidegabea eta sexista egin dela esatea, eta emakumearen duintasunaren kontra eraso dela aitortzea”.