argia.eus
INPRIMATU
Rubialesek dimititu egin du, baina bere “errugabetasuna” defendatuta
  • Espainiako Futbol Federazioko presidente eta UEFAko presidenteak adierazi du bere aurkako prozedurak ikusita "argi" dagoela ezin izango duela kargura itzuli eta luzatzeak ez duela ezer onik ekarriko.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko irailaren 11
Piers Morgan aurkezle britainiarrak egindako elkarrizketan eman du esklusiba.

Luis Rubiales Espainiako Futbol Federazioko presidente eta UEFAko presidenteak dimititu egin du. Piers Morgan aurkezle britainiarrak egindako elkarrizketan adierazi du. Ondoren, sare sozialetan zabaldu du bere dimisioaren testua. Bere "ohorea" eta "errugabetasuna" defendatuko dituela argudiatu du, eta "fedea" daukala "etorkizunean" eta "egian".

Luis Rubialesek ezpainetan musu eman zion Jenni Hermoso Espainiako Selekzioko jokalariari, taldeak Munduko Txapelketa irabazi ondoren. Musua bere borondatearen kontra eman ziola ziurtatu zuen jokalariak, eta presidente ohiaren aurkako hainbat prozedura jarri zituzten martxan. Alde batetik, FIFAk 90 egunerako kargugabetu egin zuen. Horrez gain, Espainiako Kirol Auzitegi Administratiboak "larritzat" jo zuen Rubialesen jarrera. Joan den ostiralean, berriz, Fiskaltzak sexu erasoagatik kereila jarri zion.

Bere aurkako prozedurak ikusita, Rubialesek onartu du "argi" dagoela ezin izango duela kargura itzuli, eta zain jarraitzeak ez duela ezer "positiborik" ekarriko, "ez Federazioari, ezta Espainiako futbolari ere". Azpimarratu du ez duela Espainiako futbola kaltetzerik nahi "neurrigabeko kanpaina" honen ondorioz.

Rubialesek ez zuela dimitituko adierazi zuen abuztuaren 25eko Ezohiko Batzar Nagusian, eta bere hitzak txalotu zituen Jorge Vilda selekzioko hautatzaileak. Batzar berean, Rubialesek Vildari soldata igoera agindu zion, zehazki, 160.000 euro kobratzetik 500.000 euro kobratzera igaroko zen lau urtean. Joan den astean, ordea, federazioak kargugabetu egin zuen hura ere. Rubialesen presidentetzan iritsi zen Vilda hautatzaile kargura.