A Mesa Normalización Lingüística galegoaren aldeko elkarteak urriaren 11n Espainiar Estatuko telebista publikoak ez ikustea eskatu du, joan den astean MasterChef Celebrity telebista saioan galiziera imitatzen hasi eta mespretxuz tratatu zutelako hizkuntza. Itzalaldia baliatu nahi dute ikus-entzunezkoak galizieraz eskatzeko.
Espainiar Estatuko kate publiko guztiak itzaltzea eskatu du galegoaren aldeko elkarteak, hala nola, La1, La2, Clan, Teledeporte eta 24h. Elkarteak adierazi du itzalaldia egingo dutela haien hizkuntza etengabe gutxietsia delako eta elkartearen presidente Marcos Maceirak esan du mespretxuan goia jo zutela ‘Master Chef’ saioan.
La1 telebista katea ez dute itzaliko 14:00etatik 14:20ra bitarte eta 15:55etik 16:15era bitarte, minutu horietan galegoz emititzen baitute. Telebista publikoen emisio orduak kontuan hartuta, 120 orduetatik 39 minutu izaten dira galegoz, hau da, eguneko edukien %0,5 eta haur eta gazteentzat minuturik ez. Elkarteak argitaratu duen oharrean Maceirak datuok eskaini eta ondokoa adierazi du: “Eta gainera galegoaren inguruko parodia emititzen dute, gure diruz ordaindua. Ordaintzen dugun telebistan galegoa nahi dugu”.
Itzalaldia baliatu nahi dute gogorarazteko Parlamentuan adostasuna dagoela TVEko saioak galegora bikoizteko eta azpidatziak erabiltzeko. Era berean, Ikus-entzunezkoen Espainiako Lege Orokorrean aldaketak egitea eskatzen dute galegoz diren edukiak bultzatu eta babestu ditzaten. Amesa.gal plataforman sinadurak biltzen ari dira.
Maceirak azpimarratu du hiru aldiz jo duela Espainiako telebista publikoko zuzendaritzara haien proposamenak egiteko, baina ez duela erantzunik jaso.
#EuApagoTVE Apaguemos La1, La2, Clan, Teledeporte e 24h, agás as emisións en galego en La1 de 14h a 14h20 e de 15h55 a 16h15 como un xeito de denuncia.
— A Mesa Normalización Lingüística (@amesanl) October 11, 2021