argia.eus
INPRIMATU
RTVEko editore batek zentsuragatik dimititu du
  • Valentzian RTVEk daukan egoitzako albistegien editore Arantxa Torresek dimititu egin du asteartean.

Amaia Lekunberri Ansola 2018ko maiatzaren 10
Arantxa Torres, Valentziako RTVEko albistegietako editore ohia

RTVEren zuzendaritzak Carmen Martínez de Castro Espainiako Estatuko Komunikazio idazkariak pentsionistei zuzenduriko “izorra zaitezte” esaldia telebistan ematea debekatu ostean hartu du dimisioa aurkezteko erabakia.

Alacanteko Udalera bisita egin zuen pasa den maiatzaren 5ean Mariano Rajoyk, eta honen agerraldian azaldu ziren hainbat lagun pentsio duinak exijitzera. “Kanpora, kanpora” oihuen aurrean, egoerak “izorratu zaitezte esateko gogoak” ematen zituela adierazi zion Martínez de Castrok bere aldamenean zuenari. Iruzkina Valentziako 12tv hedabidearen izenean lanean zebilen Isabel Montaño kazetariak grabatu zuen.

Valentziako RTVEko albistegien editoreak eta zuzendariak berria albistegiaren eskaletan txertatu zuten, hainbat hedabidek egin zuten bezala. Madrildik zentsuratu egin zuten berria ordea, hau ez emititzeko ordena emanda.

RTVEko informazioaren manipulazioa jo puntuan dagoela eman du Torresek dimisioa. Aurreko astean Mujeres RTVE plataformak korporazioaren baitan ematen den informazioaren manipulazioaren berri jakitera emateko kanpaina bat abiatu zuen, TVE, RNE eta RTVEko Berriemaileen Kontseiluak PPren partetik komunikabide publikoan ematen ari den blokeoaren salaketarekin bat eginez. Dimisioak Berriemaileen Kontseiluak eta sindikatuek salaketa horrekin Diputatuen Kongresuan egindako agerraldiarekin bat egin du.