argia.eus
INPRIMATU
Ron bizkaitarra
  • Bost edo sei metro luza daitekeen belar erraldoia da. Belarrari eusten dion zurtoin lodi eta indartsuak kanaberaren egitura du: malgua, zaila eta sendoa. Azukre kanabera da (Saccharum officinarum). Lurpean kanaberazko sustrai sare gogorra sortzen du, eta horrek eusten dio zutik, haizeak aldagoi, hainbesterainoko belarrari.

Jakoba Errekondo 2022ko urriaren 06a

Azukre kanabera Asia aldetik ekarria dugu, azukrea hitza bera bezalaxe. Ginea Berrian sortutakoa omen da. Handik gureganako bide luzeko Malaysia, India, Iran eta abarretan azukreari esateko erabiltzen ziren hitzetatik dator grekoko sákcharon eta latinezko saccharum azukre kanaberaren generoaren izena. Arabiarrek eraman zuten Andaluzia aldera duela mila urte baino gehiago, eta handik hedatu zuen Espainiar Inperioak lehenik Makarronesiako irletara (Madeira, Kanariak…) eta handik Amerika tropikalera. Bere langintzaren zabalkundea estu uztartua zen esklabutzarenari.

Azukre kanabera toki bero eta hezeetan hazten da ondo. Uztan kanabera osoa ebakitzen da, eta behe-behetik kimu berriak emanez berritu egingo da. Sei-zortzi bat urtez eman dezake landare berak, eta gero soro berria egin behar da kanabera zatiak luberrian landatuz. Biltzen den kanabera jo, zukutu eta muztioa berotuz sortzen da azukrea; kanaberaren pisuaren %10.

Azukrea balio handiko mozkina bada ere, ez da kanabera honi kentzen zaion etekin bakarra. Alkohola ere garrantzitsua da, bai bioerregai gisa eta bai gure barru erregai gisa ere: Karibeko rona, Brasilgo cachaça, Madeirako pontxa, Kanarietako ronmiel eta abar egiten dira.

Ronen artean kubatarrak izan du sona handiena. Gero Kubatik hanka egindako rongileek han eta hemen jarraitu izan dute patargintzan. Horietakoa da Oliver&Oliver enpresa, zeinak Dominikar Errepublikan munduko onenetakoen artekoa jotzen den VizcayaVXOP rona egiten baitu. Enpresako Ricardo Giuliano dastatzailea eta Omar Lopez nahasle maisua dira ron berezi horren egileak. Beraiek gustuenera edango luketen rona sortu omen zuten.

Bizkaiak zeresan handia du rongintzan. Gordexolan 1847an jaio zen Teodoro Jose, Jose Aretxabala Lartuondoren eta Juana Aldama Gastakaren semea. Gaztetan Kubaratu eta 1878rako bere likore empresa bazuen: “La Vizcaya”. 1934an Havana Club ron ezaguna merkaturatu zuen. Havana Club ronaren etiketan, bere bihotzeko Bizkaiaren armarria jarri zuen. Armarri hori eta baita Bilbokoa ere bere beste likoreetan ere agertzen ziren: anisa, ginebra, bermuta, koñaka, alkohol sendagarria… Gerora, Kubako Iraultzaren ondoren enpresa expropiatuta, Miamira exiliatutako familiaren zatiak Bacardi enpresari saldu zion Havana Club AEBetan saltzeko eskubidea; horiek zenbait edizio mugatuetako etiketetan sartzen dute armarria. Kubako Gobernuak Pernod Ricard enpresa frantziarrarekin bat eginda mundu guztian banatzen du Bizkaiko armarririk gabe egiten duten ron marka hori bera. Aretxabalaren familiako beste zati batek Panaman egiten du Arechavala ron ezaguna.

Teodoro Josek beretzako eraiki zuen indiano etxean dago egun Gordexolako Udala. Etxe hartako sotoan zer ote dago orain lehengo bodegaren partez?