argia.eus
INPRIMATU
Madrilgo Rolando kafetegiko hamahiru hildako haiek ETAm-ren eta ETApm-ren zatiketaren erdian
  • Ostiral honetan betetzen dira 50 urte ETAk, 1974ko irailaren 13an, Madrilgo Rolando Kafetegian bonba bat lehertarazi eta hamahiru pertsona hil zituela. Ofizialki 2018an onartu zuen erakundeak ETAren egiletza, bere burua desagertze bidean jarri zuenean.

Xabier Letona Biteri @xletona 2024ko irailaren 13a

Atentatuak ika-mika ugari ekarri zuen jadanik barnean nahiko arazo zituen ETA erakundean. 1970eko Burgosko Epaiketak sona handia eman zion ETAri, baita Espainian ere, eta zeresanik ez 1973eko abenduan Carrero Blanco Espainiako Armadako buruzagiaren aurkako atentatu hilgarriak. Carrero Blanco Franco ordezkatuko zuen pertsona moduan ikusten zuen erregimenak.

Kontua da 1974ko irailaren 13an, 14:35 aldera lehergailu batek eztanda egin zuela Madrilgo Sol auzoko kafetegian eta bertan hil zituztela hamahiru pertsona eta beste 70 inguru zauritu. Antza, bi lagun sartu ziren kafetegian eta handik denbora batera lehertzeko prest utzi zuten lehergailua, hori zein ordutan izango zen jakinarazi gabe.

Rolando Kafetegia Segurtasunaren Zuzendaritza Nagusiko (DGS ospetsua) eraikinaren alboetako batean zegoen eta hango polizia ugari ibiltzen zen bertan. ETArentzat hango gehienek, baita zerbitzariak ere, loturak zituzten DGSrekin, eta han zebiltzan gehienak ere poliziak ziren. DGS frankismoaren polizia politikoa zuzentzen zuen zuzendaritza beldurgarria zen, frankismoaren aurka ari ziren herritarrak gogor jazarri eta zigortzen zituena. DGS frankismoaren tortura-gune nagusia zen.

Madrilen egin zituen ekintza armatuak zirela medio, ETAk bazuen halako babes sare bat han, batez ere ezkerreko alderdi komunisten bueltako militanteek eskainitakoa. Hori dela eta, esaten da militante horietako batzuek proposatu ziotela ETAri Rolando kafetegiaren aurkako atentatua.

ETAren barruan, alabaina, denak ere ez ziren ados horrekin, ezta egin zen moduarekin ere, lehergailuaren berri ez emateak ondorio larriak ekar zitzakeelako. Hori, seguruenik, betirako geratuko da airean, ea atentatua prestatu zutenek ba ote zuten lehergailuaren berri emateko borondaterik edo ez. Besteak beste, zergatik esaten da hori? Donostian abuztuaren 29an atxilotutako etakide bati “Rolando: 2:15-2:45” oharra topatu ziotelako idatzita paper batean, eta esaten da horrek eragotzi zuela lehergailuaren berri ematea.

Beste askok, aldiz, uste dute ETAk gutxi-gehiago DGSrekin lotzen zituela kafetegian ari zirenak eta, beraz, hildako gehienak poliziak edo zelatariak izango zirela uste zuela. Horregatik, tamaina handiko lehergailua eta haren berri ez ematea.

ETA-m eta ETA-pm

Atentatua ETA-m-ren eta ETA-pm-ren arteko liskar betean iritsi zen, eta haren egiletza publikoki edo ez arazo iturri izan zen ETAko zuzendaritzaren bilera batean. ETAm-ren bueltakoak atentatua aitortzearen alde ei ziren, edozein gerratan errugabeak hiltzen zirela arrazoituta eta aurrera begira egia aurretik ibiltzeak ETAri sinesgarritasun gehiago emango ziola sinistuta.

ETApm-ren ingurukoak, aldiz, atentatuaren egiletza aitortzearen aurka agertu bide ziren, horrek erakundeari kalte handia egingo ziolakoan. ETApm-ren bueltakoek atentatua eskuin muturrak edo talde parapolizialek egin zutela zabaldu zuten. Askok sinistu zuten bertsio hori. Sasoi hartan, zatiketa guztiz gauzatu barik zegoen, eta beraz, hura ikertu dutenen hainbaten aburuz, atentatuaren prestaketan ibilitako etakideak alde bietakoak ziren. Azkenean, desagertzeko azken urratsetan zegoela, ETAren Zutik buletinak 2018an beregain hartu zuten atentatua.

Atentatu hau Burgosko Auziaren eta Carrero Blancoren atentatuaren ondoren gertatu zen. ETAk ez zuen lotura operatiborik Espainiako ezkerreko talde antifrankistekin, baina bestelakoa zen haietako kideekiko harremana, eta horien ondorioz, ETAk babes leku ugari bilatu zuen, bereziki Madrilen. Atentatu honek kalte handia egin zion ETAk ordura arte eraikitako irudiari.

Espainiako prentsan eta ondoren ikuspegi antiterrorista batetik ETAren historia ikertu duten haibatek, atentatu hau jotzen dute ETAren lehen atentatu indiskriminatu moduan. Hala izan edo ez, ETAren historiako bigarren atentatu hilgarriena izan zen, 1987an izandako Hipercorrekoaren (21 hildako) ondoren. Gaia hedabide eta liburu askotan aipatzen da, eta horien artean da Lidia Falcón Espainiako militante feminista ezagunak idatzitako,Viernes y 13 en la Calle del Correo. Falcon, Eva Forest eta Madrilgo ezkerreko mugimentuetako beste batzuk atxilotu egin zituzten atentatuaren ondoren. Atentatuari buruz esandakoak eta hura aipatzen duten iturrien azterketa konparatibo serioenetakoa Emilio Lopez Adan Beltza-k egindakoa da, Borroka armatua Euskadin (1967-1980) liburuan.