Saridun atipikoa izan du Durangoko Azokaren lehenbiziko Sormen Bekak: Etzi Portu Maritimoaren AtopiaRPG rol jokoak eskuratu du 15.000 euroko saria, mota honetako euskarazko lehen egitasmoa abian jartzeko.
Bost fakzio elkarren aurkako gerran Euskal Herrian: ezaguna egiten zaizu? AtopiaRPG rol jokoaren bultzatzaileek gure errealitatetik abiatuta fikzio surrealista sortu nahi dute Durangoko Azokako sormen beka irabazi duen proiektuarekin.
Datorren urteko azoka iritsi bitartean, partaideak errekrutatzen ariko dira lehian diren fakzioak: “Sistema” (status quo-aren defendatzaileak), “Marxianistak” (arte martzialak marxismoarekin uztartzen dituen taldea), “Internazional ikusezina” (desordenaren aldeko bandoa), “Lur laua” (konspirazio-teorien zaleak elkartuko dituen taldea) eta “Agentzia” (informazioaren mertzenario taldea). Behin bando bakoitzak bere kideak bildu dituela, 2019ko Durangoko Azokan jokatuko dute lehenbiziko partida.
Proiektuak, jokoaz gain, liburu bat ere izango du, oraindik hura nork egingo duen eta zer formatu izango duen zehaztu ez badute ere.
Berezia izan da saria jasotzeko ekitaldia bera ere, aurtengo Sormen Bekaren gaia literatura izanik, Durangoko Azokako areto nagusira joan diren kazetari gehienek liburu konbentzionalago bat sarituko zutela espero baitzuten.
Itxaro Borda idazleak, epaimahaiaren izenean, azpimarratu du “euskaldun gazte geek batzuek sorturiko proiektua” dela AtopiaRPG, literatura fantastikoaren eta jolasaren arteko gurutzebidean dagoena.
Proiektu irabazlea aurkeztu duten taldea honako pertsonek osatzen dute: Xabier Landabidea, Galder Gonzalez, Beñat Irasuegi, Ohiana Calparsoro, Yerai Gascon, Unai Gorrotxategi, Gorka Salces eta Eneko Olazabal. Saria jaso ondoren eman dituzten azalpenen arabera, Telegram talde baten bidez osatu dute proiektua eta egitasmo irekia da, edonork parte hartzeko modukoa.