Turkiak Siria Iparraldeko Federazio Demokratikoaren [Rojava edo Siriako Kurdistan ere deitua] aurkako erasoa iragarri ostean, erasorako bidea libre utzi zioten AEBek astelehenean, eremutik tropak erretiratuta. Bi egunera, asteazkenean, ekin dio Recep Tayyip Erdoganen gobernuak Siriako Kurdistanen aurkako inbasioari. Rojava, bertako herritarrak eta gauzatzen ari diren iraultza arriskuan dira.
“Bakearen Iturria” izendatu du operazio militarra Turkiak, indarkeriaz erasotzen ari diren eremura “bakea eramatea” asmo duela baitio Erdoganek: “Gure misioa da hegoaldeko mugan terrorearen korridore bat saihestea eta bakea eramatea eremu horretara”. Bere xedea Rojavan 30 kilometro zabal eta 120 kilometro luze hartuko lituzkeen “eremu segurua” sortzea da, “terroristak” bertatik kanporatzeko eta Turkian bizi diren errefuxiatu siriarrak bertara lekualdatzeko —hiru milioitik gora pertsona, Mikel Ayestaran kazetariak emandako informazioaren arabera—.
Terroristez mintzo denean Estatu Islamikoaz bakarrik ez, Herriaren Babes Unitateez (YPG) ere ari da Erdogan. Eremu horretan AEBekin batera Estatu Islamikoari aurre egiten aritu den SDF Siriako Indar Demokratikoaren baitako ardatz nagusia dira YPGak; milizia kurduak miran ditu Turkiako gobernuak, Kurdistango Langileen Alderdiarekin (PKK) dituzten loturak medio.
Kurduek, Turkiaren jo puntuan egonik, utzi egin behar izan diote Estatu Islamikoaren aurka borroka egiteari.
Turkiako Armada eta Siriako Armada Nazionala ondoz ondo ari dira eraso militarrean; bigarren talde hori lehen Siriako Armada Librea izenez ezagutzen zen, eta Turkiak entrenatu, armaz hornitu eta ordaindutako 14.000 paramilitarrek osatzen dute. Asteazken arratsaldez ekin zioten Rojavaren aurkako erasoari: Siriako Kurdistana eta Turkia arteko muga airez bonbardatu zuten, Tel Abyad, Ras al-Ain eta Qamixli hiriei eraso eginez. Irakeko Kurdistango mugatik gertu kokatzen den Al-Malikiya ere bonbardatu zuten; bertan daude Estatu Islamikoko hainbat kide preso dituzten Rojavako espetxe handienak. Autoritate kurduek Turkiari leporatu diote jihadistei ihes egiten laguntzeko saiakera egin izana.
Turkiak 2018an ekin zion Siriako kurdistana inbaditzeari, Afrin hartuz eta 2.000tik gora hildako eraginez. Inbasio haren jarraipena litzateke orain burutzen ari dena. Berriako kazetari Ander Perez Zalak eta Mikel P. Ansak azaldu dutenez, Afringo barrutia okupatzerakoan bezala ari da jokatzen Erdonanen gobernua, “aireko erasoak eginda, muga inguruan militarrak kontzentratuta eta jihadistek eraso ustez autonomoak eginda”. Horrek erraztu egin zion armadari sarrera, eta gaua orduko lortu zuten Siriako Kurdistanean sartzea.
SDFren erantzuteko gaitasuna murriztu asmoz, Turkiak leku estrategikoen kontra egin duela azaldu dute Perezek eta P. Ansak: “Miliziaren baseak eta armen biltegiak bonbardatzeaz arduratu ziren atzo 25 hegazkin inguru. Mugatik 50 kilometroraino sartu ziren, SDFren Ain Issa hiriko egoitza garrantzitsu baten aurka egiteko”.
Kurduak bi jaurtigai botaz erantzun zioten asteazken arratsaldean Turkiari: mugaz bestalde kokatzen diren Ceylanpinar eta Nusaybin hartu zituzte jo puntu, eta erasoek ez zuten hildakorik eragin.
SDFren prentsa bulegoak emandako datuen arabera, gutxienez zortzi pertsona — horietatik bost zibilak— hil ziren asteazkeneko Turkiaren bonbardaketetan.
Kurdistango Gurutze Gorriaren azken datuen arabera, baina, hildako eta zauritu kopuruak gorantz egin dute:
Latest from Kurdish Red Crescent: - 10 civilians killed in Turkish bombardments so far
— Rojava Information Center (@RojavaIC) October 10, 2019
- Among them Assyrian Christian couple in Qamishlo
- 15 civilians wounded
- Full list of names and locations available on request [Arabic] https://t.co/cE4pbqvcUn
Erresistentzia gauzatzeko, miliziek herritarrei mugarantz bideratzea eskatzen diete, baina egoera gordinaren aurrean, milaka herritarrek ihesari eman diote. Hasakeh probintziarantz jotzen ari dira, Ayestaranek informatu duenez; P. Ansa eta Perezek inguruko herrietara eta Kobanerantz bidea ere hartu dutela diote.
Desplazatutako pertsonen kopurua, dagoeneko, 100.000 ingurukoa da:
Local rights monitoring group Human Rights Organisation of Afrin gives estimate of 100,000 civilians displaced by fighting so far, mostly from Ras al-Ayn and Tel Abyad, but some from Qamishli and other cities as well. pic.twitter.com/W9tQSXD1iv
— Rojava Information Center (@RojavaIC) October 10, 2019
Nazioartean Rojavari babesa helarazteko deia zabaldu da, eta Nazioarteko Rojavarekin Elkartasunezko Komiteek urriaren 12a jarri babes hori helarazteko egun gisa. Euskal Herrian ere ari dira deialdiak zabaltzen, urriaren 11ko ostiralerako: Gasteizen Andra Mari Zuriaren plazan, 19:00etan; Donostian Bulebarrean, 19:00etan; Bilbon Arriagan, 19:00etan eta Iruñean Udaletxe plazan, 18:30ean.