argia.eus
INPRIMATU
Rojava ekaitzaren jomugan iraultzaren hamargarren urteurrenean

Kurdistanekin Elkartasuna ekimena @Kurdistanekin1 2022ko uztailaren 19a

Rojavako Iraultza hasi eta hamar urtera efemeride eder bat ospatzeko moduan egon gintezkeen; Siria iparraldeko eta ekialdeko herriek bizi duten egoera larriak, ostera, nazioartearen itsutasuna agerian utzi du. Proiektu emantzipatzaile horren suntsiketa saiakerak ez datoz soilik Turkiaren eskutik, botere inperialistek ere Kurdistaneko aurrerapauso demokratikoekin amaitu nahi dute. Zer galduko du gizateriak Rojava albo batera utzia bada? Lurralde txiki horretan Iraultzak mugarri nabari bat ezarri zuen. Eskualdean autoritateek garatutako politikak identitatearen, kulturaren, hizkuntzaren eta herri kurduaren existentziaren ukaziora bideratuta zeuden.

Eta herri kurduaz gain aramearrek, turkomanoek, armeniarrek, asiriarrek... aniztasun etniko oso batek hurbil ikusten zuen bere amaiera. Baina Rojavako Iraultzaren ulermena ezin da espazio geografiko zehatz batera mugatu, ezta mundu osoari buelta eman zioten ikur edo sigla batzuetara ere. Gizarte multietniko hori Iraultza martxan jartzeko antolatu zen, ahitu arte babestu zen ISISaren eraso bortitzetik, eta, bide batez, Mendebaldeko lagunek finantzatutako basati horiengandik askatu zuen gizateria.

"NATOren azken bileraren ondoren Turkia neo-otomanoa inoiz baino harrotuago dago, eta asmo espantsionista aurrera eramateko inoiz baino legitimatuago ikusten du bere burua"

Gogoan izan dezagun 2014ko azaroaren 1a. Orduan YPG/YPJ babes indarrek Daesheko mertzenarioak Kobanetik kanporatu zituzten. Herri kurduak bere egitura demokratiko propioak garatzeko gaitasuna hamarkadetako garapen ideologikoaren emaitza da. Oinarrian daukate emakumearen askapena, gizarte askearen berme moduan ulertuta, eta demokrazia erradikala, oinarrikoa eta multietnikoa. Kurduen askapen mugimenduak Konfederalismo Demokratiko izendatu duen borroka politiko zabalago baten markoaren barruan. Gaur egun Rojavako gizartea Turkiaren inbasio berri bati aurre egiteko prestatzen ari da. Erdoganek iragarri du lurralde siriarraren 30 kilometro okupatuko dituela, bere armadak segurtasun eremu bat sortzearen aitzakiapean. 2016tik hona Turkiak Rojavako lurraldean hainbat inbasio egin ditu: bonbardatu ditu Afrin, Serekaniye, Gire Spi, eta Kurdistan Hegoaldean yezidien lurraldea, errefuxiatuen kanpalekuak eta gerrillaren mendietako babes postuak. Rojavako administrazioak argi dauka: X eguna ailegatuko da.

Izan ere, NATOren azken bileraren ondoren, Turkia neo-otomanoa inoiz baino harrotuago dago, eta asmo espantsionista aurrera eramateko inoiz baino legitimatuago ikusten du bere burua. Administrazioaren Mendebaldeko sozio izendatutakoak otomandar plan espantsionista geldituko dutela pentsatzea zitalkeria litzateke. Kontuan har dezagun Estatu Islamikoaren kontrako borroka, beste batzuen artean, aitzakia izan zela AEBek Iranek Siria hegoaldean egindako mugimenduak gertutik zaintzeko. Bere aldetik, Errusiak Turkiarekin akordioa egin zuen YPG eta YPJ erakundeei ultimatuma emateko: Rojavako eskualdea Siriako Gobernu zentralaren eskuetan uztea eskatzen zuten, bestela, lurraldea inbadituko zuten.

"Rojavako Iraultza fase berri batean sartu da, eta internazionalistok ezin gara erredukzionismo sinplistetan erori"

Assaden gobernuak ez dio Administrazio Autonomoari inongo aitortzarik eman, eta giza eskubideen antolakundeek salatu dute Afrin dela ziurrenik Siria osoan eskubideen zapalketa gehien bizi dituen eskualdea. Gertakari hori ez litzateke posible izango Errusia eta Turkiaren arteko itun hori barik. Dena dela, ez dugu ahaztu behar Turkiak, Errusiak eta Iranek Siriako gerraren inguruan harreman marko propioa daukatela, Astanako itunak, hain zuzen ere. Horietan eragin eremuak banatu dituzte. Hau da, ez dago Turkiaren kontrako fronterik, ezta antzeko proposamenik ere. Are gehiago, Errusiak Siriako egoera erabili nahi izan du Turkia aliantza atlantikotik urruntzeko, bere anbizio otomandar inperialak elikatuta. Ezkerreko indar garen heinean, lehenbailehen asimilatu beharko genuke hori.

Inperialismoaren egungo errealitatea ez da XXI. mende hasierakoa, eta Irakeko porrotaren ostean Ameriketako Estatu Batuek Ekialde Ertainean utzitako espazioak eskualdeko potentziak animatu ditu eragin eremu horiek okupatzera, Turkia eta Iran esaterako. Rojavako Iraultza fase berri batean sartu da, eta internazionalistok ezin gara erredukzionismo sinplistetan erori. Rojavako herriak hamar urte daramatza borrokan eta 12.000 borrokalari baino gehiago erori dira. Orain Rojavako Iraultzak dei egiten digu!