argia.eus
INPRIMATU
Rohingyen aurkako sarraskian duen ardura zuritu du Myanmarreko Gobernuak
  • Amnesty International (AI) elkarteak gogor kritikatu du Aung San Suu Kyi, Myanmarreko Estatu Kontseilariak –legez presidentea ez izan arren hark du benetako boterea herrialdean– rohingya etnia jasaten ari den erasoei buruz esandakoak. Myanmarreko armadak giza eskubideen zapalkuntzan duen erantzukizunaren aurrean ez ikusiarena egitea aurpegiratu dio AIk Aung San Suu Kyiri.

ARGIA @argia 2017ko irailaren 19a
Rohingyar errefuxiatuak Bangladeshera ihes egiten. (Arg.: Reuters)

Myanmarreko agintariak esan du bere gobernuak –zeinetan hiru ministerio zuzentzen dituen, presidentziako kabineteaz gain– ez duela nazioarteko komunitatearen aurrean ezkutatzeko ezer. Baina AIk gogorarazi du Aung San Suu Kyik ez duela asmorik NBEren aginduz sortutako ikertzaile taldeari laguntzeko.

“Myanmarrek ez badu ezkutatzeko ezer”, esan du giza eskubideen aldeko taldeak, “NBEko ikertzaileei bertan sartzen utzi behar die, baita Rajineko estatuan ere [han bizi dira rohingyak], eta era berean eskualde guztietara inolako oztoporik gabe iristea ahalbidetu behar die laguntza humanitarioa eraman dezaketen erakundeei”.

Aung San Suu  Kyik giza eskubideen zapalketa gaitzetsi duen arren, AIk leporatu dio zapalketa horretan armadak duen parte hartzeaz ezer esan ez izana. “Bortizkeria berehala amaitu behar da Rajinen, baina horrez gain gobernuak neurriak hartu behar ditu azken hamarkadetan rohingyen aurkako abusuak ahalbidetu dituen diskriminazio egoeraren kontra”.

Ehunka mila errefuxiatu egoera latzean

Rohingya herriko ehunka mila lagunek –ia milioi erdik, honezkero– ihes egin dute Bangladeshera, eta krisi humanitarioa areagotu egin da. Save the Children GKEak ohartarazi du errefuxiatuak gosez eta epidemien eraginez hiltzen hasteko arriskua dagoela. AIk, berriz, salatu du armadak pertsonen aurkako minak ipini dituela Bangladesheko mugan, jendeak ihes egin dezan eragozteko.

Bitartean, Aung San Suu Kyik harridura agertu du rohingyen erbesteratze masiboa dela eta. Erlijio musulmaneko gutxiengo etnikoa dira rohingyak, eta “musulman” hitza erabiliz aipatu ditu beti ere Myanmanerreko agintariak, diskurtso osoan haien herriaren izena behin ere ezpaineratu gabe. Iheserako arrazoiak ulertzen ez duela adierazi du Aung San Suu Kyik, bere gobernuko iturriek berriki aitortu arren rohingyen herrien %40 hustu direla bortizkeriatik alde egiteko. Kiskali egin dituzte horietako asko.