argia.eus
INPRIMATU
Rohingyen aurkako genozidioa egotzi dio NBEk Myanmarko armadari
  • Behar militarrek ezin dituzte justifikatu espetxeratzeak, torturak, bortxaketak, sexu esklabotza eta jazarpena bezalako delituak, Nazio Batuen Erakundeak (NBE) publiko egin duen txostenaren arabera.

Asier Gonzalez de San Pedro @asiertxiki98 2018ko abuztuaren 28a
Rohingyen errefuxiatu esparru bat (Argazkia:loiolaxxi.wordpress.com)

NBEk ezin izan zuen Myanmarren sartu eta horregatik lekukotzez eta irudiez baliatu da. 875 lekukori elkarrizketa egin eta bideoak eta irudiak ikusi ostean genozidioa egotzi dio Myanmarreko armadari. Erakundeak uste du armadako jenerala eta beste bost goi kargu epaitu behar direla, “genozidio asmoak” zituztelako.

Arakango Rohingyen Askapenerako Armadak duela urtebete polizien eta militarren etxola bat eraso zuen. Hamabi pertsona hil zituzten. Mendekua ere izan zuten Rohingyek: armada budista 59 herritan sartu, 7.000 etxe erre eta 400 rohingya hil zituzten.

Rohingyen exodoaren urteurrena izan zen abuztuaren 25ean eta asko kalera atera ziren manifestatzera “justizia” eskatzeko. Rakhine eskualdean 25.000 pertsona hil eta 700.000 pertsonak alde egin dute, gehienak Bangladeshera.

Animalien antzera

El Diario.es-ek argitaratu duen eskutitzean rohingya desplazatu batek haren eta haren familiaren bizi baldintzak salatu ditu: “Animaliak bilakatuko gara horrela bizitzen jarraituz gero”. Desplazatuaren arabera 2012an hasi ziren gauzak okertzen, Toung Gu herrian hamar pertsona hil eta hilketa horren atzean gobernua zegoela antzeman zutenean, beste hainbeste hilketetan bezala. Horrelako beste gertakari bat jazo zen 2016an. 300 herritarrei su eman zien Myanmarko armadak. Geroztik, gutunaren idazleak ez du etxean lo egin, mendian eta lokatz artean egiten zuen lo beldurragatik.

Urtebete beranduago armadako kideak bere herrira joan ziren eta “herria tirokatu zuten hainbat orduz”. Horrelako beste egoeren berri bazuten eta bazekiten herritik alde egin behar zutela.  Ez zuten beren herrialdea utzi nahi eta astebetez meskita batean bizitzen egon ziren. Rohingyen aurkako erasoek ez zuten etenik eta meskita ondoko bi herriren aurkako erasoaren ostean Bangladeshera alde egitea erabaki zuten. Errefuxiatu esparru batean bizi dira eta haren familia elikatzeko arazoak dituela esan du gutuna idatzi duen irakasleak. Berak, Myanmarrera itzuli nahi du egoera lasaitzen denean, bestela haien komunitateak batasuna eta erlijioa galduko dituela uste baitu.