argia.eus
INPRIMATU
Roger Torrenten mugikorrak gobernuek soilik eros dezaketen espioi programa baten erasoa jaso du
  • Kataluniako Parlamenteko president Roger Torrent Israelgo NSO konpainiak garatutako Pegasus espioi programaren jo-puntu izan da 2019an, eta programa hori gobernuek soilik eros dezakete. Torrentek adierazi du gauza arraroak sumatu zituela eta Espainiako Gobernuari egotzi dio programa honen erasoa. Horrez gain, CUPeko Anna Gabrielen mugikorra ere zelatatua izan dela jakin da.

2020ko uztailaren 14a

The Guardian eta El País hedabideek eman dute jakitera albistea. Kanadako Citizen Lab zibersegurtasun institutuak WhatsApp sare sozialarentzat ikertu du "gizarte zibileko" 130 ordezkariren aurka egin den esku-sartze indiskriminatu bat, eta hor atzeman du Roger Torrenten aurkako erasoa.

Bi hedabide hauek argitaratutako informazioaren arabera, Torrenten telefono mugikorra Israelgo NSO konpainiak garatutako Pegasus espioi programaren jo-puntu izan da 2019an, eta programa hau estatuek eta beren indar armatuek soilik eros dezakete, "krimena eta terrorismoa" erasotzeko.

WhatsAppen "segurtasun akats" bat, Torrenten mugikorrerako zirrikitu

Bi hedabideek emandako bertsioaren arabera, WhatsAppen segurtasunean izandako akats batek eman zion aukera apirila eta maiatza artean NSOren espioi programari munduko 1.400 sarbidetan eskua sartzeko. Eraso hau gauzatzeko zirrikitua, WhatsAppen bideo dei galdu bat zen, zeinak ez zuen eskatzen erantzutea, hartzailearen mugikorra erasotzeko. Torontoko Unibertsitatean dagoen Citizen Lab zibersegurtasun taldeak ikertu ditu esku hartze hauek, eta tartean dago Torrenten zenbakia. Citizen Lab-ek zertifikatutako dokumentuaren arabera (zeina eskuratu duten The Guardianek eta El Paísek), "badira ebidentzia anitz adierazi dezaketenak Torrent monitorizatua izan zela".

Espioi programa horrek egin dizakeenak

Pegasus programak aukera ematen du erasotuz izan den mugikorreko elkarrizketak entzuteko, mezuak irakurtzeko, disko gogorrera sarbidea izateko, pantailaren kapturak egiteko, nabigazio historia ikusteko eta hurruneko kontrolaz kamara eta mikrofonoa aktibatzeko: honek aukera ematen du gelako giro soinua entzuteko. Kanadako aditu hauen arabera, programa honek erraztu egiten du baita ere zifratutako mezu eta deiak eskuratzeko. Ikerlariek adierazi dute ezin dutela identifikatu nork agindu zuen erasoa, baina Pegasus programa sortu duen NSOk "bere produktuak Gobernuei soilik saltzen dizkiela". NSOren webguneak hau berresten du.

Torrentek Espainiako Estatua jo du erantzule

Torrenten hitz hauek jaso dituzte The Guardianek eta El Paísek: "Gauza arraroak sumatzen nituen. WhatsAppeko mezuak eta elkarrizketen historialak ezabatzen zitzaizkidan. Nire inguruko jendeari ez zitzaion horrelakorik gertatzen". Torrentek Espainiako Estatuari egotzi dio Pegasus programaz bere mugikorra kutsatu izana.

Anna Gabrielen mugikorra ere bai

Olivier Peter Anna Gabrielen abokatuak Nació Digital egunkariari ohartarazi dionez, CUPeko diputatu ohia ere Pegasus espiotza sistemaren biktima izan zen. Gabriel Suitzara joan zen 2018an, Auzitegi Gorenean ez deklaratzeagatik. “Matxinada, bidegabeko eralgitzea eta sedizioa” egozten zizkioten buruzagi independentistari. Bere abokatuaren arabera, Gabrielek WhatsApp aplikazioan jakinarazpen bat jaso zuen, “mugikorrean espiatua izan zitekeela” esanez.