Eduard Rodriguez Farre CSIC Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko –Frantziako CNRSren parekidea– ikerlariak Donostian Medikuen Elkargokoan eskainitako hitzaldian aurkeztu ditu Gipuzkoako erraustegiaren Ingurumen Bateratuaz berak eta erakunde bereko ikerlaria den Fernando Palaciosek prestatu duten txostena.
Rodriguez Farre bezala Fernando Palacios ezagunak dira kutsadurek gizakien osasunean dauzkaten eraginen ikerketen munduan. Euskal Herrian ere izanak dira behin baino gehiagotan, OEIT medikuen elkarteak bezala GuraSOSek konbidaturik. Ostiralean, martxoak bi, Rodriguez Farrek egindako aurkezpenean azaldu du Zubietako Erraustegiaren Ingurumen Baimen Bateratuak hutsune nabarmenak dituela, ez dituelako kontutan hartu ere egin kutsagai oso arriskutsuak direnetako batzuk, zehazki metal astunak, bentzenoak eta produktu organikoak.
Hala ere, Berriako Arantxa Iraolari aitortu dionez, "niri gehien ardura zaidana zera da: ez direla kontuan hartu errauste plantek zenbait minbizi klase areagotzeko arriskua handitzen dutela erakusten duten ikerketa zientifikoak. Azterlanak badira ildo horretan; orain dela gutxi, esaterako, Katalunian egin dute bat; erakusten du onargarritzat hartzen diren dioxina isurketekin ere ugaritzen direla minbiziak".
Rodriguez Farrek asteburu honetan esandakoak bildu dituzte Berriak, Naiz-Garak, Noticias de Gipuzkoak eta EITBk.