argia.eus
INPRIMATU
Rodolfo Ares hil da, PSE-EEko azken bi hamarkadetako buruzagi garrantzitsua
  • Gaixotasun luze baten ondoren hil da Rodolfo Ares. PSE-EE, EAJ eta Batasunaren arteko 2005 eta 2007ko negoziazioetan parte hartu zuen. Patxi Lópezen Eusko Jaurlaritzako Barne kontseilari izan zen, eta zenbait eztabaidaren erdigunean egon zen, hala nola, Ertzaintzak torturatu egiten zuela esan zuen Alfonso Zenon abokatuaren aurkako salaketa jarri zuen (gerora absolbitu zuten; eta Euskal Kriminologia Institutuaren txostenak jaso du hala izan zela). 2012an Ertzaintzak Iñigo Cabacas pilotakada batez hil zuenean lekukoek gezurra ziotela esan zuen, besteak beste, polizia autonomikoa zuritu nahian.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2023ko urtarrilaren 26a

Galizian jaio zen 1954an, Ourensen, eta oso gazte Bilbora joan zen familiarekin bizitzera.

2009an, Eusko Jaurlaritzako Barne kontseilari izendatu zuen Patxi Lópezek bere legegintzaldian. Kargua hartu eta gutxira, euskal preso politikoen argazkien aurkako kanpaina liskartsua abiatu zuen, herriz herri Ertzaintza bidaliz hauek kentzera. Lópezen gabineteko "nukleo gogor" gisa definitu izan da Ares, eta rol hori jokatu zuen, baita ere, Jesús Egiguren eta Arnaldo Otegik abiatutako bake elkarrizketak negoziazio politiko bilakatu zirenean, EAJ ere integratuta zegoela. Lekukoek, gerora, Imanol Murua kazetariaren Loiolako Hegiak liburuan kontatu zutenez, Ares zen Espainiako Gobernuko Alfredo Pérez Rubalcaba Barne ministroarekin etengabe harremanetan zegoen PSEko talde negoziatzaileko kidea, elkarrizketen nondik norakoei buruz informatuz.

Madrilgo aireportuko atentatuaren ostean, negoziazioak haustear zenean, Rodolfo Ares Genevan izan zen ETA eta Batasunako delegazioekin hitz egiten, nazioarteko begiraleekin.

"Bere borroka pertsonal nagusia zen ETArekin amaitzea, eta akordioak lortzen oso abila zen", adierazi du Andoni Unzaluk Euskadi Irratian. Patxi Lópezen legegintzaldian gabineteko komunikazio arduradun zen Unzalu.

Tortura zurituz

Eusko Jaurlaritzan kargua hartu zuenean, Legebiltzarrean eskatu zitzaion Ertzaintzaren galdeketak grabatzeko, tortura arriskurik egon ez zedin. Bera aurka agertu zen, eta adierazi zuen EAJ-ko Javier Balzaren garaitik zetorren praktika zela, eta berak ez zituela "beharrezko" ikusten.

Alfonso Zenon abokatuak publikoki esan zuenean Ertzaintzak torturatu egiten zuela, Rodolfo Ares Jaurlaritzako barne kontseilari zen eta salaketa jarri zuen abokatuaren aurka, irainak egotzita. Handik zenbait urtera, ordea, Bizkaiko Epaitegiak Zenon absolbitu zuten, eta handik gutxira, Euskal Kriminologia Institutuak Eusko Jaurlaritzarentzat eginiko txostenean jasota geratu zen Ertzaintzak ere, baietz, torturatu zituela herritar ugari.

Cabacas auzian, arduradun

Bera Jaurlaritzako Herrizaingo saileko buru zela, gertaerarik ilunenetakoa Iñigo Cabacas Athleticeko jarraitzailearen hilketa izan zen. Ares sailburuak hartu zuen auzia kudeatzeko ardura, eta berehala Ertzaintzaren esku hartzea justifikatu eta lekukoen testigantzak gezurrak zirela adierazi zuen lehen egunetan. Autopsiak Cabacas pilotakada batez hil zela frogatu zuenean, ordea, Aresek adierazi zuen gaztearen heriotza arduragabekeria edo istripua izan zitekeela, baina edonola ere Ertzaintzaren hutsik gabeko jarduna gehiegikeria edo akats bakar batengatik ezin zela kolokan jarri nabarmendu zuen.