argia.eus
INPRIMATU
Rockdelux musika aldizkariak itxi egin du koronabirusaren krisiak jota
  • Espainiako estatuko kioskoetan 35 urtez egon ostean, 394. zenbakia argitaratuta itxi ditu musika aldizkari espezializatuak bere ateak. Adierazi dutenez, "paperaren krisiari koronabirusarena gehitu zaio" eta hori izan da motiboa.

ARGIA @argia 2020ko maiatzaren 05

55 kolaboratzaileren sinadura darama azken aldizkari honek, eta itxieraren berri ematen duen editoriala (hemen gaztelaniaz). Bertan adierazi dute zein zen editorial "txiki" honi eusteko gako ekonomikoa: kioskoetako salmenta eta publizitatea. Zenbakiak estutzen zihoazela adierazi dute, eta pandemiak azken kolpea eman diela publizitate salmentan.

Kazetarien profesionaltasuna defendatu dutela beti adierazi du, ez zutela amateurismoan erori nahi, eta horregatik ixtea erabaki dutela. "Eta mundu digitala? galdetuko duzue batzuk. Prekarietateaz mintzo bagara, sarean are handiagoa da. Aldizkari digital bat, oraintxe bertan, soilik da posible beti gainditzen saiatu garen amateurismora jota".

Aldizkari honen kasuak erakusten du, beste behin ere, errekonbertsio digitalean murgilduta dagoen prentsaren sektorean zein beharrezkoa den aldizkarien salmentatik eta publizitate-sarreretatik haragoko formulak bilatzea. ARGIAn horretan saiatzen ari gara aspaldidanik, sinesten dugulako komunitatean sustraitutako hedabideak burujabeagoak direla merkatuaren kolpeen mende daudenak baino.