argia.eus
INPRIMATU
Robles Defentsa ministroak Pegasus auziko espioitza justifikatu du
  • Espainiako Kongresuan CNIren espioitza kasuari buruzko azalpenetan estu hartu dute gaiaz galdegin dioten diputatuek, eta Margarita Robles Espainiako Defentsa ministroak iradoki du zilegi dela espioitza Espainiako Estatua apurtu nahi dutenekin.

Xabier Letona Biteri @xletona 2022ko apirilaren 27a
Margarita Robles, Espainiako Defentsa ministroa. (Arg.: Defentsa Ministerioa)

Hamar egun bete direnean eman ditu lehenbiziko azalpenak Espainiako Kongresuan Pedro Sánchezen gobernuko ministroak. Aitor Esteban jeltzaleak, esaterako, galdetu dio ea non gelditu den halako eskubide urraketarik onartuko ez lukeen giza eskubideen aldeko magistratu hura.

Baina espioitza aitorpentzat hartzearena CUPeko Mireia Vehíren galderari erantzutean etorri da: "Zer egin behar du estatuak, norbaitek konstituzioa urratzen badu, independentzia aldarrikatu, kaleak itxi edo orain Ukraina inbaditzen duen Errusiako buruzagiekin harremanak dituzten politikariekin?", galdetu du ministroak.

Roblesek esan du Sekretu Ofizialen Batzordea eratzen denean Paz Esteban CNIko zuzendaria han izango dela azalpenak ematen eta "ezustekoak" egongo direla iragarri du. Bere Ministeriotik Kongresuko korridoreetan aipatu dutenez, halaber, baliteke estatuko beste polizia batzuek ere Pegasus erosi izana.

Ukrainako gerraren ondorioen dekretua kolokan

ERCk, besteak beste, Margarita Roblesen dimisioa eskatua du dagoeneko, baina iragartzen ari da azalpenek asebetetzen ez badute Espainiako Gobernua eror daitekeela eta, bide horretan, lehenik eta behin hainbat legeren onarpena oztopa dezakeela.

Ostegun honetan, esate baterako, bozkatuko da Kongresuan Ukrainako gerrak eragindako ondorioak baretzeko dekretuaren bozketa, eta Gabriel Rufian ERCko Kongresuko bozeramaileak aurreratu du agian ez dutela dekretua onartuko. Horren aurrean, Sánchez presidenteak PPri dei egin dio dekretua onar dezan eta bere aliatuak ez diren Kongresuko taldeekin ari da negoziatzen haren onarpena.

Egoera estutzen ari zaio apurka Pedro Sánchezi eta ostegunerako eta ostiralerako Polonia eta Moldaviara joateko asmoak bertan behera utzi ditu, dekretuak erortzeko duen arriskuaren aurrean.

Kataluniako Legebiltzarrak, halaber, asteazken honetan onartu du auzitegietara eramango duela espioitza operazio. PSCk eta En Comú-k bat egin dute horretan indar independentistekin eta aurka bozkatu dute PPk, C's-ek eta Voxek.