argia.eus
INPRIMATU
Robinho futbolariarentzat bederatzi urteko espetxe zigorra, taldean neska bat bortxatzeagatik
  • Italiako Apelazio Auzitegiak berretsi egin du Milango auzitegi batek 2017an Robinho futbolari brasildarrari jarritako espetxe zigorra: bederatzi urte, 2013ko urtarrilean Milango diskoteka batean neska bat taldean bortxatzeagatik.

Jon Torner Zabala @jtorner 2021eko martxoaren 10a
Robinho, 2016an / Flickr - Atlético

Sei gizonek egin zioten eraso neskari. Robinhoren adiskide Rivardo Falcok zigor bera jaso du: bederatzi urteko espetxe-zigorra eta 60.000 euroko isuna. Robinhoren abokatuek 45 eguneko epea dute Kasazio-Auzitegian helegitea aurkezteko.

2013an Milan taldean jokatzen zuen 37 urteko futbolariak. Beste denboraldi bat eman zuen han. 2014an Brasilgo Santos klubak fitxatu zuen, 2015ean Txinako Guangzhou Evergrandek, 2016an Brasilgo Atlético Maneirok, 2018an Sivasspor turkiarrak, 2019an Istanbuleko Basaksehir-ek eta 2020an berriro Santosek. Tartean neska bat bortxatzeagatik zigortua izan zen, baina golak sartzen jarraitzen zuenez...

Santosek, non jokalaria idoloa den, 2020ko urrian kontratatu zuen. Sei egunera eten zuen akordioa, baina ez bortxaketa delituarekin lotuta, klubak egoera ekonomiko kaxkarra bizi zuelako baizik. Gaur egun talderik gabe dago Robinho.

Lehenago ere, 2009an, Ingalaterrako ligan ari zenean, Poliziak bere aurkako ikerketa abiatu zuen, Leeds hiriko klub batean ustez neska bat bortxatu zuelako. Galdekatu ostean, baina, fidantzapean aske laga zuten, eta kasuak ez zuen aurrera egin.