argia.eus
INPRIMATU
Roberto Jiménezek bere irudia txukundu nahi du PSOEren aurrean burua makurtu ondoren
  • Roberto Jiménez PSNko idazkari nagusiak alderdiko kideei zuzenduriko gutun batean Nafarroan aldaketa aurrerakoia lortzeko lan egingo duela berretsi du.

Iera Aranburu @ieraran 2014ko martxoaren 11
Roberto Jiménez: "Nafarroan aldaketa aurrerakoia lortzeko dudan konpromisoa berresten dut". (Argazkia: J.M.S)

Datozen hilabeteetan alderdian Konferentzia Politikoa eztabaida eta proposamenen gune irekia bihurtzeko lan egingo dutela baieztatu du Jiménezek, “nafarren arazoei irtenbide egokienak” eskaintzeko asmoz.

Organo federalek ezarritako prozeduren bitartez, udazkenean hautagai berrien hautaketa egingo dutela baieztatu du PSNko idazkari nagusiak gutunean. Madrildik zentsura mozioa ez aurkeztearen erabakia iritsi ostean, nafarrei azalpenak emateko premia duela adierazi du.

Ferrazen erabakiari men egin dioten arren erabakiarekin bat egiten ez duela nabarmendu du. Nafarroako alderdian zentsura mozioa sustatzearen aldeko jarrera “sendoa” dutela baieztatu du.

Alderdian “barne-eztabaida, kritika konstruktiboa eta interes pertsonalak alde batera uzteko unea” dela adierazi du Jiménezek, alderdiaren eta nafarren onurarako.