Roberto Jimenez badoa PSNko buruzagitzatik eta zergatik azaldu nahi du. EFE agentziari egindako adierazpenetan, Yolanda Barcinaren aurkako otsaileko zentsura mozio ustela jo du kausa nagusitzat.
Inor harritu ez duten esplikazioak eman ditu Pitillaskoak duela urte erdi, “Goicoechea auzia” agerian geratu ondoren, sozialista nafarrek hartu zuten portaeraz. PSNk ez, PSOEren Madrilgo egoitzak abortatu zuen misioa Jimenezek azaldu duenez.
“Saiatu nintzen eta ez zidaten utzi, jakina den moduan, batez ere Alfredo Perez Rubalcabak (PSOEko idazkari nagusi ohiak) eta Elena Valencianok (idazkariorde nagusi ohiak), izen-abizenak jartzeagatik”.
“Aldaketa ezinbestekoa zen”
Nafarroan gobernu aldaketa “ezinbestekoa” zela adierazi du Jimenezek, “osasun demokratikoagatik, sinesgarritasunagatik eta erregenerazio demokratikoagatik”.
PSNko buruak uste du eztabaida “lasaia eta sosegatua” komeni zaiola bere alderdiari orain.
Lasaitasunerako tarte askorik geratzen ote zaien da auzia ordea. Babestera ausartu ez ziren zentsura mozioaren ondotik etorri zen lehenbiziko testean, Europako bozetan, 32.000 boto galdu zituen PSNk 2009arekin alderatuz gero. Nafarroako bigarren indarra izateari utzi diote.