Urtarrilaren 4an hil zen Robert Hirigoien euskaltzalea (Larresoro, Lapurdi, 1944). Ostegunean eskainiko diote azken agurra, jaioterrian (10:00etan). Herri Urrats festaren sortzaileetako bat izan zen, baita Lapurtarren Biltzarrarena, Kanboko ikastolarena eta euskara eta euskal kulturaren alde diharduen Ote Lore elkartearena ere.
Ikastolen aldeko festa 1984an egin zen aurrenekoz. Hura prestatzeko bilerak Hirigoienen etxean ere egin zituzten, Larresoron. Berari otu zitzaion Herriaren Urratsa deitzea, nahiz eta ostean Herri Urrats izena hartu zuen. Lehen edizioan bildutako diruari esker Kanboko kolegioa eraiki ahal izan zuten.
Lapurdiko lehendabiziko ikastola 1969an sortu zuten, Arrangoitzen. Ordutik hamalau urte joanagatik, 1983an Ipar Euskal Herrian zeuden 23 ikastolak eta haietan ikasten ari ziren 700 haurrak Lehen Hezkuntzakoak ziren guzti-guztiak, G.M. Zubiarrainek Gaur8 aldizkarian plazaratutako erreportajean kontatu zuenez."Premia gorria zegoen, hortaz, Bigarren Hezkuntzari ekiteko, Hirigoyenek kontatu digunez, ikasleek '16 urte arte segi zitzaten Seaskako ikasketak'. Gurasoak 'bakarrik' zirela oroitu da larresoroarra, orduko erakundeen babes eza gogoan. Gogoak hanka luzea izaten, ahalak, ordea, beso motza ukaiten. 'Ez ginen asko, hogei bat' aitortu digu. 'Zenbaitzuk pentsatzen zuten ez zela posible, beldur ziren'. Hasiera guztietan bezala zalantzak uxatzea izan zen lehen erronka, ala borroka. 'Bagenuen sineste handi bat', ikastolen egoerak ere horretara eramaten zituen-eta".