argia.eus
INPRIMATU
Robbo vs. Banksy

2010ko urtarrilaren 02a

24 urte zeramatzan Robboren graffiti honek Londresko kaleetan; Regent's Camdem kanaleko paretetako batean. Zer egiten duen...miresmenak, prestigioak, errespetuak... Guri, ez zigun egun bat ere iraun herriko kaian egindako mural hark. Amorrua, ikusi ezina, autoritatea agian. Azkenean, 1985. urtetik inortxok ere ez zuela ukitu Robbok egindako graffiti hura, orain egun gutxi Banksy iritsi den arte. Originalaren gainean honakoa egin zuen Bristolen jaiotako artista ezagun eta anonimoak. Estilo ezagunean, bere erara.

Londresko graffitigileen artean ordea hautsak harrotu ditu gertatutakoak. Errespetu faltatzat eta probokaziotzat jo dute askok. Eta bada bere erara erantzun dionik ere. Paretean, berriro ere Robboren izena dago agerian. King Robbo irakur daiteke orain.

Artista ezagunak dira biak ala biak. Kaleko artisten artean aitzindaritzat dute Robbo, eta bere lanak kale bazter askotan jarraitzen dute bizirik, bera 80. hamarkadan erretiratu bazen ere. Banksy berriz 90. hamarkadan hasi zen kaleak apaintzen, eta zenbait lan ezagunak zaizkigu askori. Ofizialtasuna zalantzan eta baloreak kolokan jarri izan ditu, eta artea ulertzeko modu honek askoren erreferente bilakatu du. Hemen ere, zenbait artistek euren hastapenetako pieza ezinbestekotzat dute Banksy. Hauen artean dago Ideia Beltzen Brigada, Euskal Herriko artista talde anonimo bat. Odei eta Markelek Berrian egindako adierazpenetan, "euren eraikuntza pertsonalean" haren filosofian oinarritu direla adierazi zuten. Besteak beste Greenpeace taldearentzat egin du lan.

 

Jazarpenetik, hala moduzko onarpenera

ARGIAren 2.208. zenbakian (2009-10-18) graffitiak Euskal Herrian duen presentziari buruzko erreportajea plazaratu genuen: Jazarpenetik, hala moduzko onarpenera. 1980ko hamarkada amaieran Gasteizen lehen graffitiak egiten hasi zirenetik, Euskal Herriko hormak museo erraldoi dira. Betidanik mugimendu jazarria izan bada ere, apurka gizartearen eta erakundeen onarpena jasotzen ari da. Horretaz mintzatzeko, hainbat graffitigileren testigantzak bildu genituen, eurak baitira eguneroko borroka horretan lanean ari direnak.

Erreportajearen harira bideo hau egin genuen: