Eztabaida azken hamarkada osoan zehar egon da, eta asko izan dira konpainia handiei eskatu dietenak roaming gainkostu horiek kendu eta EBko herrialde guztietan etxean bezalako tarifak mantentzeko.
Baina zer da benetan roaming-a kentzearekin gertatuko dena?
- EBko 28 herrialdeak sartu dira honetan, baita Erresuma Batua ere. Herrialde hauetan guztietan dabilenak bere jatorriko herrian duen konpainiaren tarifak mantenduko ditu bertatik deietarako, mezuetarako eta datuen erabilerarako.
- Kontratu bidezko linea dutenei automatikoki aktibatuko zaie roaming gabeko tarifa, eta konpainiak behartuta daude bezeroari aldaketak azaltzera.
- Roaming gabeko tarifak mugak izango ditu. Bidaian, ikasketetan edo lanean dagoen jendearentzako neurri bezala definitu dute, eta beraz, jatorrizko herrialdean urtean denbora gehiago egin beharko du EBko beste herrialdeetan baino. Beste herrialde batean egon daitezkeen tarifa merkeagoetara jotzeko aukera kentzeko hartutako neurria da hau.
- Azken lau hilabeteetako deiak kontrolatzeko aukera izango dute konpainiek, eta ezer arrarorik sumatzen badute bezeroarekin harremanetan jarriko dira hark demostra dezan oraindik ere jatorrizko herrialdean duela bizitokia eta kanpoan dagoela ikasketa, bidaia edo lan arrazoiengatik. Demostratzerik ez badu roaming-a ezarriko zaio berriz.
- Jatorrizko herrialdetik kanpora deitzeak, baina, nazioarteko tarifa izango du, nahiz eta deia jasotzen duenari ez zaion ezer kobratuko. Beraz, Euskal Herrian zertxobait aldatzen zaigu egoera, hegoaldetik iparraldera joan, edo alderantziz, eta ez dugulako datuen erabilera moztu beharko edo ez dugulako deiak egiteko beldurrez ibili beharko. Baina jatorrizko lekutik mugaz bestalde deitzen badugu oraindik ere nazioarteko tarifa berezia ordaintzen jarraitu beharko dugu.
- Beste prezio batzuk garestitzeko arriskua dago. Roaming-a kentzearekin konpainia nagusiek galduko dituzten diru-sarrerak berreskuratzeko beren tarifak igotzeko beldurra du batek baino gehiagok. Dagoeneko antzeko mugimenduak ikusten hasiak direla aitortu dute Europar Batasuneko agintariek, eta “gaia seriotasun osoz hartuko dutela” nabarmendu du Merkatu Digital Bakarrerako politiken arduradunak, Andrus Ansip komisarioak.