Andoaingo Udalak deitzen dituen Rikardo Arregi kazetaritza sariak banatu dituzte larunbatean. Kulturrizketak telebista saioak jaso du sari nagusia eta Kixoteneak erreportaje ilustratuen liburuak aipamen berezia.
Goiena Telebistaren Kulturrizketak saioak sari nagusia jaso du, “saio modernoa” dela azpimarratuta. Epaimahaiaren arabera, "bizi garen garai bizkorretan pausaldia egiteko aukera ematen du modu atsegin eta entretenigarrian, eta, aldi berean, arinkeriatik urrun. Gaurkotasun betea duten gaiak aztertzen dira, nahiz eta agenda komertzialetik kanpo dauden gaiak izan. Hori guztia ikusarazten eta aztertzen asmatu du Kulturrizketak saioak”.
Finean, Rikardo Arregi sariekin sustatu nahi den kazetaritza ereduarekin bat datorrelako izan da saritua, epaimahaiaren esanetan: "Kalitatea, garaian garaiko beharrizanetara egokitua izatea, modernotasuna, bikaintasuna, berrikuntza eta eredugarritasuna". Oihane Agirre, Goiena telebistako zuzendaria, eta Txomin Madina, Monika Montero, Andoni Bodes eta Mikel Ezkerro saioa egiten duen lantaldea izan dira saria jasotzen.
Sari berezia, 'Kixotenean' erreportaje bildumari
Epaimahaiaren sari berezia Iñigo Astiz kazetariak eta Maite Mutuberria ilustratzaileak jaso dute Kixotenean erreportaje liburuagatik. Berria-rako hasi zuen Astizek Miguel de Cervantesi buruzko erreportaje sorta, haren heriotzaren laugarren mendeurrena zela eta. Ostera, Elkarrek argitaratu zuen liburu gisa Mutuberriaren ilustrazioekin.
Literatura, kazetaritza eta ilustrazioak uztartu izana azpimarratu du epaimahaiak, eta proiektua "sorkuntza paregabea" dela gaineratu, "irakurterraza eta era berean oso goi-mailakoa".
Epaimahaiak, bestalde, bi aipamen berezi ere egin ditu. Noticias taldeak argitaratzen duen Ortzadar gehigarriari izan da bata, 20 urte bete dituelako, eta Eguna euskarazko lehen egunkaria bestea, duela 80 urte sortu zelako. Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatu Lorea Bilbaok jaso zuen bigarren saria, Aldundia baita bilduma osoa duen erakunde bakarra.
Azkenik, Kazetari Berria saria, hutsik geratu da aurten, lehenbiziz sariak banatzen hasi zirenetik, epaimahaiaren arabera jaso dituzten lan gutxiek ez zutelako saria jasotzeko mailarik.