argia.eus
INPRIMATU
Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien zortzi finalistak iragarri ditu epaimahaiak
Julene Flamarique 2024ko azaroaren 06a
Rikardo Arregi Kazetaritza sarien aurkezpena antolatzaileen eskutik. Rikardo Arregi Kazetaritza sariak

2024ko Rikardo Arregi Kazetaritza Sarien zortzi finalistak publiko egin ditu epaimahaiak. Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuak adierazi duenez, ohi bezala sari bi emango dira: Kazetaritza Saria eta Komunikazio Saria, biak 9.000 eurokoak. Horrez gain, aurtengo ohorezko mugarria Ana Galarraga Aiestaran kazetariak jasoko du. Azaroaren 27an izango da sari banaketa Andoaingo Bastero Kulturgunean, eta orduan jakinaraziko dituzte saridunak.

Sari bakoitzeko launa finalista aukeratu ditu epaimahaiak. Kazetaritza sarian June Fernándezek ARGIAn argitaratutako “Nerabeak eta sexu-heziketa: pornoa ote da arazoa?” erreportajea; Jon Artano Izetaren Juana liburua; Berria egunkarian Maite Asensiok, Amaia Igartuak eta Isabel Jaurenak idatzitako “Feminizketak” elkarrizketa sorta; eta Ipar Euskal Herriko Bada gazte hedabidea.

Komunikazio sariko lau finalistak ondorengoak dira: “Ikusgela” Euskal Wikilarien Kultura Elkartearen proiektua; Berriaren “Ezer ez eta festa” podcasta; EITBko “Ez hain ondo” bideopodkasta; eta Euskalerria Irratiaren “Flop kultura” podkasta.

Nerabeak eta sexu-heziketa: pornoa ote da arazoa?

ARGIAren kolaboratzaile June Fernández finalista hautatzeko ondorengo gogoeta zabaldu du epai-mahaiak: "Eztabaida publikoan deserosotasuna eragin zuen gaia izan bazen ere, June Fernández kazetariak ordea, analisirako argumentu bilakatu zuen. Erreportaje gordina eta bete-betekoa osatu zuen Fernándezek, auzian aditu eta arituak diren interlokutore askoren hitzak bildu baitzituen, baita Euskal Herriko bost amen iritziak ere, etxeetan gaia nola lantzen den ezagutarazteko. Erreportajea osatzeko baliatutako irudi grafikoek aipamen berezia merezi dute".