argia.eus
INPRIMATU
Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren XXV. edizioa aurkeztu dute
  • Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak 25. edizioa izango du aurten. Andoaingo Udalak antolatzen duen lehiaketaren oinarriak aurkeztu dituzte asteartean Hizkuntza Politikako sailburuorde Patxi Baztarrikak, epaimahaiko zuzendari Ainara Rodriguezek eta Arantza Aguado idazkariak.

Lide Hernando @lidehernando 2013ko martxoaren 27a
Ainara Rodriguez, Patxi Baztarrika eta Arantza Aguado, Sariaren aurkezpenean (argazkia: eitb.com)

Kazetaritza sari honek 2012ko maiatzaren 7tik 2013ko maiatzaren 6ra bitartean argitaratu diren edozein mota eta generotako kazetaritza lanak sarituko ditu: erreportaje idatzi bakanak nahiz sortak, irrati edo telebistako erreportaje bat edo sorta bat, sekzio bat, programa bat edota kazetari bat edo talde bat izan litezke.

Hiru sari banatuko dira lehiaketan: Rikardo Arregi Kazetaritza sari nagusia (9.000 euro), Kazetari Berria saria (27 urtetik beherakoentzat, 3.000 euro) eta Epaimahaiaren Aipamen Berezia (Sari Nagusirako hautagaien artetik, epaimahaiak bereziki saritu nahi duen lanen bat, 4.000 euro). Sarituen izenak datorren ekainaren 29an emango dira aditzera Andoaingo Bastero kultur etxean

Rodriguezek, Rikardo Arregi Saria azken urteotan euskarazko komunikazioaren eta euskal kulturaren erreferentzia bihurtu dela aipatu du. Euskal kazetaritzako profesionalen artean lortu duen “errespetuak” eta “izen onak” euskarazko saririk garrantzitsuenetarikoa bihur dadin eragin duela gehitu du.

Bestalde, Baztarrikak azken bi hamarkadetan izan den euskarazko komunikabideen gorakada azpimarratu du. Izan ere, 1991n zortzi komunikabidek eskatu zioten Eusko Jaurlaritzari diru laguntza, eta aurten, aldiz, 120k.

Iazko Rikardo Arregi Sarian ARGIAko Beranduegi saioak irabazi zuen Epaimahaiaren Aipamen Berezia.