argia.eus
INPRIMATU
Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren 33. edizioa aurkeztu dute Donostian
  • Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren deialdia aurkeztu dute Donostian. Azaroaren 25ean egingo dute sari banaketa ekitaldia eta Martin Ugalde idazle andoaindarra omenduko dute. 

Oihane Arretxea Bereziartua @oihane_arretxea 2021eko apirilaren 21
Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara sustatzeko zuzendaria, Alexander Huitzi Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzia eta Patxi Baztarrika Udaleko Euskara teknikaria Rikardo Arregi Kazetaritza Saria aurkezten Donostian.Argazkia: euskadi.eus Estibalitz Alkorta Eusko Jaurlaritzako Euskara sustatzeko zuzendaria, Alexander Huitzi Andoaingo Udaleko Euskara zinegotzia eta Patxi Baztarrika Udaleko Euskara teknikaria Rikardo Arregi Kazetaritza Saria aurkezten Donostian.

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren deialdia egin du Andoaingo udalak, eta Andoaingo Udalak eta Eusko Jaurlaritzak Donostian egindako prentsaurrekoan aurkeztu dituzte deialdiaren xehetasunak.

Duela bi urte hasitako bideari jarraiki, aurten ere bi sari izango dira: “Kazetaritza saria” batetik, berriemaile eginkizunari eta kazetaritzaren ezaugarri irizpideei lotua; eta “Komunikazio saria” bestetik, euskarazko alorrean komunikazio molde eta formatu berrituetara egokitzeko bidean egindako urrats esanguratsu eta berritzaileak sarituko dituena. Horrez gain finalistak ere izendatuko dira, sari bakoitzeko lau gehienez. Sarituak izateko hautagaitzak proposatzeko aukera irekia egongo da, baina finalistak eta saridunak izendatzeko ez da beharrezkoa izango aldez aurretik hautagaitza aurkeztea.

Azaroaren 25ean egingo dute sari banaketa ekitaldia, Andoaingo Bastero Kulturgunean. Aurtengo ekitaldiaren lema “Martin Ugalde gogoan” izango da, idazle andoaindarraren jaiotzaren lehenengo mendeurrena beteko baita azaroaren 11ean. Bere lana, konpromisoa eta oroimena ekarri nahi dituzte gogora, iaz Xabier Leterekin egin zuten bezala.

“Euskararen normalizazioak ezinbestez behar ditu euskaraz egindako kazetaritza eta komunikazio prestu eta modernoa, kalitatekoa eta garaian garaiko beharrizanetara egokitua”. Prentsaurrekoan adierazi dutenez, hori da urtero gogorarazi nahi duten mezua eta Kazetaritza Saria antolatzen jarraitzeko arrazoia. 

Alexander Huitzi Alfonso, Andoaingo Udaleko zinegotziaren esanetan, “Euskara indartuko badugu, behar-beharrezkoa da herritarron eguneroko bizimoduan hain garrantzitsuak diren kazetaritza eta komunikazioan euskarazko sorkuntza, zabalkundea eta kontsumoa sendotu eta areagotzea. Helburu horren aldeko aletxoa izatea du helburu Rikardo Arregi Kazetaritza Sariak”.