argia.eus
INPRIMATU
Rifeko hainbat ekintzailek Marokoko erregimenaren olatu errepresibo berria salatu dute
  • Euskal Herrian bizi diren ekintzaile riftarrek Marokoko erregimenak Rifeko biztanleria zibilaren aurka egindako oldarraldia salatu dute, zehazkiago Tamassint herriaren aurka izandako erasoa. Elkarretaratzea finkatu dute uztailaren 14ko 12:00etan Bilbon, Marokoko kontsulatuaren aurrean, "benetako demokrazia" eskatzeko.

Mikel Eizagirre 2020ko uztailaren 14a
Rifeko ekintzaileak bilbon. Argazkia: Ecuador Etxea

Rifen aldeko ekintzaileek eta Euskal Herriko giza eskubideen hainbat defendatzaileek protesta egingo dute, “benetako demokrazia” aldarrikatu eta Rabateko Gobernuaren olatu errepresiboa salatzeko. Mobilizazioa astearte honetan izango da, 12:00tan, Marokok Bilbon duen kontsuletxearen aurrean.

Salatu dutenez, oraingo honetan errepresioaren helburua Tamassint herria izan da, Rifen bihotzean kokatua. Euskal Herrian bizi den kolektibo riftarrak gaitzetsi egin du Marokoko Estatuak Tamassinten protesta zibilerako mugimenduen eta haien legezko eskaeren aurka egindako "errepresio olatu sistemiko" berria.

Rif eta Maroko barruko nahiz kanpoko aktibisten jazarpena eta atxiloketa “berehala bertan behera uztea” eskatzen dute, baita Rifeko “preso politiko guztien askatasuna” eta eskualdeari ezarritako “militarizazioaren amaiera” ere.