Frantziako Estatua eta Alemania izan dira aurka kokatu diren estatu bakarrak. Direktibaren lanketa 2021eko abenduan abiatu zuen Europak, baina trabak eta presioak tarteko, hiru urte baino gehiago behar izan ditu onespenak. Europako Parlamentuak bozketa berrestea falta da.
Nahiz eta ez den riderren lan eskubideen aldeko testu ausart eta zorrotza, behintzat balioko du Europar Batasuneko herrialde guztietan gaiari buruzko legedi bat izateko. Plataforma numerikoentzako lanean dabiltzan langileen eskubideak bermatzeko zuzentarauaren alde kokatu da Europar Batasuneko Enplegu ministroen gehiengoa. Direktibaren lanketa 2021eko abenduan abiatu zuen Europako Batzordeak, baina traba eta presioen ondorioz luza joan da onarpena. Iazko abenduaren 13an adostu zuten testua Europako Parlamentuak eta EBeko estatu kideek, baina ez zuen aitzina egin, hainbat estatu aurka kokatu zirelako. Otsailean berriz moztu zioten bidea Frantziak eta Alemaniak, abstenitu ziren Estonia eta Greziaren babesari esker. Azken aldi honetan, ordea, alde egin dute bi Estoniak eta Greziak, eta Parisek eta Berlinek ezin izan dute direktiba blokeatu. Onarturiko testua hastapenekoa baino askoz arinagoa da langileen eskubideen errespetarazteko bermeei dagokionez.
28,5 milioi langile
Ofizialki, 28,5 milioi rider dabiltza Uber, Glovo zein Just Eat gisako plataformentzat lanean. Enpresarekiko langile lotura izanda ere, langile autonomo gisa deklaratuak dira, eta horrek dakar ez dituztela kontratupeko langileek dituzten eskubide eta baldintzak jasotzen: ez dute gutxiengo soldataren bermea, ez dute gaixo baimenik eta oporrak hartzeko eskubiderik eta ez dute gizarte segurantzan kotizatzen. Langile estatutua aldatu eta milioika langile horien egoera erregularizatzea da direktibaren helburu nagusienetarikoa. Erregularizazio masibo potentzial hori izan da, funtsean, Frantziako Estatuaren aurkakotasunaren arrazoia.
Algoritmoen erabilera ere arautua izanen da oraindik aitzina: langile kualifikatu batek gainbegiratuko ditu algoritmoen lan automatizatuak, eta langileek ere eztabaidan jartzen ahalko dituzte algoritmoen emaitzak.
Urrats garrantzitsutzat jo du bozketa Europako Batzordeak: "Lanaren gestio algoritmikoa arautzen digun lehen legedi europarra dugu; eta plataformetako langileen lan baldintzak hobetzeko bidean gutxiengo arauak finkatuko dizkigu". Europako Parlamentuak berretsi beharko du orain bozketa. Ondotik, bi urte izanen dituzte estatu kideek legedia nazionala direktibari egokitzeko.