argia.eus
INPRIMATU
“Rider”-ak ostalaritzako hitzarmenean sartzea eskatu dute Riders por Derechos eta LABek
  • LABek zabaldutako idazkiaren arabera, azkenaldian zenbait lorpen erdietsi dituzte rider-en sektorean, baina ohartarazi dute kaleratzeak eta jardunaldien murrizketak ere egon daitezkeela, eta borroka sindikalaren garrantzia nabarmendu dute.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 25
Argazkia: LAB

Autonomo faltsuak, ziurgabetasuna, epaiketak, sententziak, rider-en legea… Bizikletako banatzaileen sektorean mugimendu garrantzitsuak jazotzen ari dira azkenaldian, eta testuinguru honetan, LABek eta Riders x Derechos taldeak antolakuntzaren beharra aldarrikatu dute.

Borroka kolektiboari esker lorpen txiki batzuk erdietsi dituzte dagoeneko, hala nola haien soldatapeko langile izaera onartzen dieten hainbat eskubide: autonomoen kuotak itzultzea, lan izaeraren aitortza edo berronartzeak... Sententzien erabakiak aplikatzeko beharrezkoa da hainbat mugimendu egitea eta horri erantzuten diote LABen bideo honek edo BiziLan plataforman irekitako sarrerak. Riders por Derechos Plataformatik eta LAB sindikatutik dei egiten diete rider-ei azaldukoak jarraitzera, adibidez "sail sindikaleko bi kidek 3.000 eta 7.000 euroko autonomo kuoten itzulera jaso dute eta".

Lorpenak lorpen, hau "borrokaren hasiera" baino ez dela diote. Aurreikusten dute abuztuan kontratuak erregularizatuko direla, eta ostean, kaleratzeak zein jardunaldien murrizketak egon ahal direla, enpresak saiatuko direlako ekiditen egun lanean dauden langile guztien kontratazioa.

Urtarrilean ireki beharko diren Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako ostalaritzako hitzarmenetan, honako puntu nagusiak defendatuko dituzte: Bat, rider-ak ostalaritza taldean txertatzea. Honek suposatuko luke, herrialdearen arabera, 18.700 euro eta 21.500 euro arteko urteko soldata, lanaldi osoan arituz gero, eta 1.723 eta 1.750 ordu arteko lanaldia urtean. Bi, subrogazioa txertatzea. Eta hiru, rider-ren lan espezifikoari erantzuten dion erregulazioa txertatzea langileon babesa handitzeko.

LABeko eta Riders x Derechos Plataformako kideek ziurtatu dute baliabide guztiak jarriko dituztela langileen bizi baldintzak hobetzeko bidean. Eta antolatzera eta sail sindikalak sortzera animatu dituzte sektoreko langileak; urgentziazkoa baita egoera lehenbailehen erregularizatzea, eta errealitateari egokitutako hitzarmenak garatzea.