argia.eus
INPRIMATU
Rider-en lan egoera arautzeko akordioa adostu du Espainiako Gobernuak
  • Produktuak plataforma digitalen bidez banatzen dituzten langileen egoera arautuko da, baina beste plataforma batzuetako langileak kanpo uzten ditu akordioak. Zaintza lanak egiteko langileak eskaintzen dituztenak adibidez kanpoan geratuko dira.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko martxoaren 12a
Argazkia: James Crane/ Flickr

Asteazken gauean Espainiako Lan eta Ekonomia Sozialeko Ministerioak, CCOO eta UGT sindikatuek eta CEOE eta Cepyme patronalek lortu zuten akordioa ixtea. Ia bost hilabeteko epea behar izan da gobernuaren, sindikatuen eta patronalaren arteko akordioa lortzeko. 

Rider-en eskubideen inguruko eztabaida 2017an hasi zen; epaile gehienen ustetan langile horiek ezin zuten autonomo gisa jardun eta soldatapeko gisa jardun behar zuten. Gobernuaren eta eragileen arteko akordioa lortu ondoren, araua idatzi eta tramitatzea falta da. Onartu ondoren hiru hilabeteko epea izango dute plataformek langileen egoera egokitzeko.

Akordioa

Araua artikulu bat bakarrak osatutako du baina horrek bi atal izango ditu. Lehenengo atalak, enpresak lan baldintzei eragiten dieten algoritmoei eta adimen artifizialeko sistemei buruzko informazioa enpresa batzordeei eman beharko diela arautzen du. Bigarren atalak aldiz, plataformaren banatzaileak soldatapeko langileak direla arautzen du. Erabaki hau hartzeko argudio nagusia aplikazioaren menpekotasuna izan da, aplikaziorik gabe ezinezkoa izango bailitzateke lan berdin egitea.

Sindikatuaren hitza

Riders X Derechos Rider-en sindikatuaren ustetan akordioa labur geratu da “autonomo faltsuak” ezabatzeko bidean. “Riderrak langile gisa onartzea lortu duena ez da gobernua izan, greba, manifestazio eta 44 garaipen judizialetan borroka egin dugun guztiok baizik”, adierazi dute sare-sozialetan.

“Gobernua oso motz geratu da, ez da rider-ak baino haratago joan”, adierazi dute Riders X Derechos sindikatutik. “Mediatikoenak gara, baina Espainian 500.000 autonomo faltsu baino gehiago egon behar direla kalkulatzen da; beraz, lege bat egin nahi izanez gero, gure kolektibotik harago joan beharko luke”, esan dute.

Ostegunean sare-sozialetan komunikatu bat atera zuten: “Riders X Derechos enpresak kategorikoki errefusatzen du CEOEren proposamena. Langileen Estatutua betetzea ez da patronalak egiten digun kontzesioa, enpresa guztiek duten betebeharra da.Edo patronalarekin edo langileekin, aukeratu”.