argia.eus
INPRIMATU
Rider-ek nazioarteko lanuztea deitu dute apirilaren 22an
  • Banaketa enpresetako langileek egun batez ez dute zerbitzurik eskainiko. Lanuztearekin beren babesgabetasuna eta esplotazioa salatu nahi dituzte, eta lan baldintza hobeak exijitu.

Amaia Lekunberri Ansola 2020ko apirilaren 21
Gasteizko Glovoko langilea (Argazkia: Dos Por Dos / Kauldi Iriondo)

Banaketen ordainketak igotzea batetik, eta babeserako eta garbitasunerako osagaiak langileen eskura jartzea bestetik; horiek dira nazioarteko lanuztea deitu duten rider-en eskakizunak. Glovers unidos Argentina, Agrupación de Trabajadores de Reparto de Argentina, Glovers Unidos España, Glovers Costa Rica, Glovers Élite Guatemala eta Repartidores Perú kolektiboek sinatutako komunikatuak apirilaren 22an zerbitzurik ez eskaintzera dei egin die mundu zabaleko rider-ei.

Banaketa plataformen patronalek herrialde guztietan metodo bera erabili dutela eta rider-ak abandonatu dituztela adierazi dute komunikatuaren sinatzaileek. Hala bada, bizi duten egoeraren aurrean munduko krisi ekonomikoarekin eta sanitarioarekin bat datozen neurriak exijitu dituzte: ordainketen igoera eta garbiketa eta segurtasun elementuak.

Izan ere, prekarietateak eta esplotazioak ezaugarritzen duten lanbide honek, koronabirusak azaleratutako krisiaren ondotik, lan baldintzen okerragotzea pairatu du. Horren adibide da orain egun batzuk El Saltok jakitera emandakoa: Glovo enpresak banaketa bakoitzeko bere langileei ordaintzen zien tarifa erdira murriztu du, 2,50 eurotik 1,20 eurora; murrizketa are handiagoa izan da Glovoren Gasteizko langileen kasuan, tarifa euro batera jaitsi baitie enpresak.

Bere aldetik, Glovok adierazi du murrizketa hori konpentsatu egin duela desplazamendu luzeak saritzen dituen sustapen ekonomikoa txertatuz, edo Covid-19 deitu duen aldi baterako sustapenaz. Alabaina, Glovok bizi dugun krisia baliatuz egin dituen egokitzapenak langileak pedalkada gehiago ematera derrigortzen ditu, lehen irabazten zuten diru-kopuru bera irabazteko.

Lanuztearekin jendartea interpelatu eta beren egoeraz kontzientziatu nahi dute rider-ek, ikusi baitute koronabirusak eztandarazitako krisialdi egoeran tokian tokiko gobernuek ez dutela beren sektorean esku hartu, eta are gehiago, hainbat tokitan funtsezko jardueratzat jo dutela beren egitekoa, segurtasun neurririk gabe beren lanari eustera derrigortuz.

Lanuztea deitu dutenek gogora ekarri dute apirilaren 10ean Argentinan lan istripuz hildako 23 urteko Emma Riosendaulv Joncka rider-a. Aipatutakoa bezalako ondorio lazgarriak eragiten dituzten lan baldintzen aurrean, eta beren eskubideak irabazteko bidean, banaketa aplikazio eta herrialde guztietako banatzaileei elkarrekin bat egitera dei egin die.