argia.eus
INPRIMATU
“Rider”-ak EAEko ostalaritzaren esparru akordioan sartu dira
  • Ekainaren 28an sinatu dute akordioa ELA eta LAB sindikatuek, Euskal Autonomia Erkidegoko patronal nagusiak, Euskadiko Ostalaritza Federazioak eta Confebaskek. Hitzarmenean sartzeak APP bidezko ostalaritzako banatzaileen lan-baldintzak hobetzeari emango dio bide.

     

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko ekainaren 28a
https://www.argia.eus/albistea/riderrak-ostalaritzan-sartzea-eskatu-dute-riders-por-derechos-eta-labek

Plataforma digitalen bidez ostalaritzako establezimenduetan janaria banatzen duten langileak EAEko Ostalaritzako Esparru Akordioan sartu dira. Hemendik aurrera, Rider-en lan baldintzak ostalaritzako hitzarmenari jarraituz arautuko dira. Akordioa ELA eta LAB sindikatuek, Euskal Autonomia Erkidegoko patronal nagusiak, Euskadiko Ostalaritza Federazioak eta Confebaskek sinatu dute ekainaren 28an.

LAB sindikatuaren arabera, akordio horrekin, Riderrak hirugarren kategoria edo taldean txertatuko dira. Soldata arautua izango dute, urtean 18.700 eta 21.500 euro bitartekoa —lanaldi osoa eginez gero—, eta 1.723 eta 1.750 ordu arteko lanaldia. Subrogaziorako eskubidea ere emango zaie, eta beren lanari egokitzen zaion erregulazioa txertatuko da, “langileen babesa handitzeko”.

Hitzarmen hau onartuta, beste akordio batzuk aplikatzeko aukera ere baztertzen da. Horrela, Bizkaiko Supermerkatuetan Etxez Etxeko Banatzaileen Hitzarmena edo Estatuko Mezularitza hitzarmena ezin izango zaizkie APP bidezko banatzaileei aplikatu. 

ELAk akordioa aurrerapausotzat jo du: "Esplotaziorako arrisku handia duen talde baten prekarizazioari aurre egiteko bide delako". Sindikatuak gutxieneko soldatak hilean 1.200 eurotik gorakoak izatea bultzatuko du. ELAk adierazi du egoera horren aurrekaria supermerkatuetan erosketak banatzen dituzten langileentzat gehiengo osoarekin sinatu duen lehenengo hitzarmena dela.

Aurreko saiakerak

LAB sindikatuak Riders x Derechos taldearekin batera hasitako eskaeren harira heldu da akordioa. Riderren lana 2018an zalbaldu zen lehen aldiz Espainiako Estatuan, eta ordudanik, “autonomo faltsu” hauen lan-baldintza prekarioak salatzeko hainbat saiakera egin dira. 2020ko irailaren 23an Auzitegi Gorenak ebatzi zuen Riderrak plataforma digitalekin lotzen dituen harremana lan-arlokoa denez, langile horiek enpresako soldatapekoak direla, eta ez autonomoak.