2019an Madou Khadim Sow Ribaforadatik kanporatu zuten. Udaletxean agertzeko hitzordua jaso zuen Khadimek eta bertan Espainiako polizia zeukan itxaroten.
Berriak jaso duenez, datuak babesteko Espainiako Agentziaren ustetan, Ribaforadako Udalak ez zuen leialtasunez jokatu eta jokabidea ez zen zilegi izan: “Leialtasuna da datu pertsonalak erabiltzea era arrazoituan, herritarrek espero dutenaren arabera, eta ez modu makurrean edo herritarren kontrako ondorio kaltegarriak izanen dituzten era batean”.
2019an herriko udaletxera deitu zuten Madou Khadim Sow: errolda kontuez hitz egitera joateko eskatu zion momentuko alkate zen Jesús Mari Rodríguezek (PSN). Baina bertan Espainiako polizia zuen zain, egoera administratibo irregularrean zegoen eta 48 ordutan Senegalera deportatu zuten.
Erriberako komunitate senegaldarra haserre agertu zen momentu hartan eta alkateari azalpenak eskatu zizkion. Alkateak aldiz legea bete besterik ez zuela egin adierazi zuen. Garai hartako alkatea zena, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko zuzendari nagusia da egun. Mikel Garcia Idiakezek momentuan xehetasunak azaldu zituen ARGIAn.
Gaur argitaratu den ohar baten bidez, Erriberako Senegaldarren Kolektiboak, Nafarroako Munduko Medikuek, Paperak eta Eskubideak Denontzat eta SOS Arrazakeria Nafarroak Ribaforadako Udalari eta Nafarroako Gobernuari galdetu diete zer egingo duten Khadimi urratutako eskubideak berreskuratzeko. “Nola konponduko dute egindako kaltea? Zer mekanismo jarriko dira abian horrelako gertaerak berriro gerta ez daitezen?”.