Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak, Antonio Brufau presidenteak eta administrazio kontseiluak irabaziak handitu dituzte 2022an. 2023an akzionisten ordainsariak %11 igoko dituzte.
Repsolek 4.251 milioi euro irabazi ditu 2022an, 2021ean baino %70 gehiago. Energiaren prezioa handitzearekin batera izan du irabazietan hainbesteko gorakada gas eta petrolio enpresak. 2010. urtetik izan duen irabazirik handiena da.
Repsolek %11 handituko ditu akzionisten ordainsariak 2023an, urrian adierazi zuenez. Horrela, 200.000 milioi akzio amortizatu ditu; horrek 520.000 inbertsoreri eragingo die.
Enpresako buruen soldatak ere igo egin dituzte 2022an. Hain zuzen, Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari ordezkariak 4,13 milioi euro irabazi zituen, 2021an baino %3,5 gehiago. EAJko presidente ohiak petrolio enpresako zuzendari exekutiboa denetik 32 milioi euro irabazi ditu. Antonio Brufau presidenteak, berriz, 2,81 milioi euro jaso zituen, aurreko urtean baino %1,4 gehiago. Repsolen administrazio kontseilua 15 kidek osatzen dute, eta haien irabaziak ere handitu dituzte: 11,67 milioi euro, %13,3ko igoerarekin.